GARA Euskal Herriko egunkaria
PILOTA

Sasi guztien gainetik, bere kaiolako zortzigarren finala jokatuko du Altunak

Sakeek eta amezketarrak errestoan erakutsitako gabeziek erabat baldintzatutako partida arras ero batean, Erik Jakak esku-eskura izan zuen garaipena, 20-15. Ez zuen lehia amaitzen jakin eta oso garesti ordaindu zuen lehen pilotakadan egindako falta.

Jokin Altunaren amorrazio keinua garaipena ospatzerakoan. (Jon URBE | FOKU)

Sorginkeria dirudi, eta ziurrenik izango du magia pixka edo puska bat, baita kalitatetik, lehiakortasunetik, burutik eta bihotzetik ere, baina Jokin Altunak bere ibilbideko zortzigarren kaiolako finala jokatuko du azaroaren 19an Peio Etxeberriaren aurka, Erik Jakari, partida ezin eroago batean tanto bakarreko aldeaz irabazita.

Amezketarraren zortzi finalerako bideek izango dute euren historia, baina zalantzarik gabe aurtengo hau izan da zailena, sorbaldako arazoek erabat baldintzatu baitute bere jarduna. Aurreko zazpi finaletan bi zituen galduak -lehena eta azkena, Oinatz Bengoetxea eta Ezkurdiaren aurka tanto bakarraz- eta beste bat irabazia, -Mikel Urrutikoetxearen aurka lehen txapela irabazi zuenekoa-, hogeita bana berdindu ostean, eta atzoko kale edo balekoa bere alde irten zen, gauzak oso maldan gora izan ostean, botileroari kasu egin eta «galdu edo irabazi», berak txokoan eginda.

SUFRITZEN JAKIN

Hala ere, distirakoa baino, sufritzen jakitearen garaipena izan zen Eibarkoa, bai azken bi aste hauetan, eta baita Erik Jakak esku artean izan zuen partida honetan ere. Sakeek, eta batez ere errestoan Jokin Altunak izandako arazoek erabat baldintzatutako lehia batean, lizartzarrak esku-eskura izan zuen garaipena 11-0eko partzial batekin 20-15 aurreratu zenean, baina garesti, oso garesti, ordaindu zuen saketik egindako falta. 21-18 aurreratu zenean ere ez zuen partida asmatzen jakin izan, eta egunak beharko ditu pilatutako amorrua kanporatzen, Astelenako barrunbeetan botatako oihuak ez dira eta nahikoa izango.

Beroketarekin nahikoa ez bazen, tanto bakarrean baieztatu du Jokin Altunak bere ezker sorbalda hori %100ean ez bazen, jokatzeko zegoela, eta ederki gurutzatutako tanto batez lortu zuen partidako lehena. Baina gauza bat da erasoan aritzea eta beste bat defentsan jardutea, eta Erik Jaka jokoaren ekimena izateko gai izan denetan nabaritu zaizkio gehien gabeziak amezketarrari.

Sakeek aparteko garrantzia izan zuten Katedralean eta Erik Jakak bere egunik onenetako joko oldarkorra berreskuratu izanari ezin hobeto etorri zitzaizkion, errestoan airez probatzeko gaitasunik edo konfiantzarik gabe Altunak emandako erraztasunak. Sekulako eraginkortasuna erakutsi zuen airez lizartzarrak, jotako 21 pilotetatik 9 tanto amaituta.

Baina sakeak horrenbeste emandako lehia batean, kopuruz baino, egindako momentuagatik, falta horrek berriro hegan egitea eragotzi zion.