GARA
DHAKA

Ehungintzako langileak eta oposizioa protestan, Bangladeshen

Bangladeshen ez da giro; Mendebaldeko jantzi marka nagusiak hornitzen dituzten ehungintza sektoreko langileak greban daude, baldintzak hobetzeko, eta haien aurka jo du poliziak. Gobernuaren dimisioa eskatzen duen oposizioa ere errepresioaren jomuga da.

Poliziak gas negar-eragilea bota zien langileei.
Poliziak gas negar-eragilea bota zien langileei. (MUNIR UZ ZAMAN | AFP)

Bangladesheko poliziak gas negar-eragilearekin sakabanatu zituen larunbatean, hiriburutik gertu, soldata hobeak eskatzen zituzten langileak. Poliziak esan zuenez, Dhakako industria-konurbazioan, Mendebaldeko jantzi marka handientzat ekoizten duten 600 lantegik beren jarduerari ekin zioten berriz, grebaren ondorioz astebetez gelditu ostean.

Hala ere, liskarrak piztu ziren Ashulia herri industrialean, Dhaka mendebaldean, 10.000 langile kideei lanera itzultzea eragozten saiatu zirenean. 35 urteko emakume bat larri zauritu zen Sreepurren, Poliziak ehunka manifestariren aurka gomazko balak eta gasa jaurti zituenean.

«Agintariek astebete barru soldatak igoko zituztela ziurtatu ziguten. Horregatik itzuli ginen lantegietara», esplikatu zion Rokon Uzzaman ehungintzako langileak AFPri. «Ez dugu aurrezkirik. Noiz arte jarraitu ahal izango dugu protestan, gure familiak elikatu ezin baditugu?».

Ehungintza funtsezko industria da Bangladeshen, Txinaren atzetik munduko bigarren arropa esportatzaile handiena da. Lau milioi langile dabiltza 3.500 lantegitan, gehienbat emakumeak. Gutxieneko soldata ia hirukoiztea eskatzen dute, 8.300 taka (70 euro) izatetik 23.000 taka (190 euro) izatera igarotzea, bizimoduaren kostuaren igoera handiari eta haien familien beharrei aurre egiteko.

PROTESTA POLITIKOAK

Bestalde, ia 8.000 lagun atxilotu dituzte Bangladeshen, astebete baino gehiago luzatzen ari den poliziaren errepresio handi batean, “Prothom Alo” egunkariak atzo jakinarazi zuenez. Urriaren 28an, oposizioko 100.000 jarraitzaile baino gehiago bildu ziren Dhakan, eta Hasinaren gobernuaren dimisioa eskatu zuten urtarrilaren amaierarako aurreikusitako hauteskundeen aurretik.

Liskarrak piztu ziren eta polizia bat hil zen. Joan den astetik hainbat manifestarik ere galdu du bizia. Oposizioko alderdi nagusiak, Bangladesh Alderdi Nazionalistak (BNP), hildako bederatzi ekintzaile eta 3.000 zauritu zenbatu ditu.

Protestek ez dute etenik, ezta Poliziak BNPren aurka hasitako errepresio latzak ere ez. Milaka jarraitzaile atxilotu, eta gutxienez 162 buruzagiri leporatu zaie poliziaren hilketa. Bangladesheko indarkeriak kezka piztu du nazioartean.