EDITORIALA

Gazako «normaltasun» jasanezina

Israelgo Armadak Al Magazi errefuxiatu-eremua bonbardatu eta 51 palestinarren heriotza eragin zituen atzo. Beste errefuxiatu eremu baten aurkako eraso bat eta beste 51 hildako; 24 orduan, 24 erasoalditan, beste 243 hildako. Aldi berean, AEBetako Estatu idazkari Antony Blinken Palestinako Aginte Nazionaleko presidente Mahmud Abbasekin bildu zen eta genozidioa geldiarazteko eskaerari beste buruzagi arabiarrei emandako argudio bera eman zion: Israelek autodefentsarako duen eskubidea. Erasoaldi horiek, eguneroko ehunka hildakoak, normaltasuna balira bezala; hala dira nazioarteko komunitatearen ustez, Israelgo lehen ministro Benjamin Netanyahuk berak baztertutako «aukera» ez bezala.

Izan ere, Gazaren aurkako eraso nuklearra «aukera bat» dela esan zuen Israelgo Ondare ministro Amichai Eliyahuk. Netanyahuri, ordea, astakeria iruditu bide zitzaion, Eliyahuren hitzak «errealitatetik urrun» daudela esan baitzuen. Milaka hildakoen errealitatetik urrun omen daude Eliyahuren hitzak. Israelen aliatuek justifikatzen duten errealitatetik, ospitaleen, anbulantzien eta errefuxiatu eremuen bonbardaketen «normaltasunetik» urrun. AEBek eta gainerako aliatuek aitortzen dioten defentsa eskubide bitxi horren jabe, Netanyahuk uko egiten dio etenaldi humanitarioari ere. Bere ministro ultraeskuindarrari Gobernuaren bileretan parte-hartzea galarazi diola jakinarazi zuenean, azpimarratu zuen Israelgo Armadak «nazioarteko zuzenbidearen estandar gorenen arabera» jarduten duela, «tartean ez dauden pertsonei kalterik ez egiteko». Atzo arte hildako palestinarren kopurua gutxienez 9.700era iristen zen, 4.000tik gora adin txikikoak, eta ia 25.000ra, zaurituena.

Gazan «normaltasun» jasanezinak jarraitzen du eta, horretatik kanpo, Amichai Eliyahu muturreko gobernukideak astakeria galanta esan zuen. Gazako hondamendia noiz izango da astakeria? Noiz genozidio, holokausto...? Hildakoen kopurua bikoizten denean? Egun batzuetako kontua da, eta Netanyahuk ez du gezurtatuko bere ministroaren hitzak gezurtatu dituen bezala. Ezingo du eta, edonola ere, ez du nahiko. Ez du behar izango, nazioarteko komunitatea delakoaren gelditasuna ez ezik, haren sostengua ere badaukan artean.