Manex ALTUNA
BILBO
ATHLETIC

Europako postuetan kokatu arren, aldaketekin asmatu ezinik

Garaipen garrantzitsua eskuratu zuen Athleticek Vila-realen zelaian eta sailkapeneko bosgarren tokira igotzeko balio izan dio. Hala ere, Rubiren kontra edo Bartzelonaren aurka gertatu zitzaion moduan, bigarren zati amaieran taldeak behera egin zuen.

Unai Simonek bikain abiatu du denboraldia eta geldiketa erabakigarriak egin zituen Vila-realen zelaian.
Unai Simonek bikain abiatu du denboraldia eta geldiketa erabakigarriak egin zituen Vila-realen zelaian. (Omar Arnau CEREZO | LA OTRA FOTO)

Poztasuna da nagusi Athleticen. Vila-realen kontra lortutako hiru puntuekin sailkapeneko bosgarren postuan kokatu dira zuri-gorriak. Europara itzultzea da helburua eta aurkari zuzen baten zelaian irabazteak balio bikoitza dauka. Gogoan izan behar da joan den denboraldian sekulako jipoia jaso zuela Athleticek Vila-realean zelaian (5-1) eta Europan jokatzeko sailkatu zirela.

Ernesto Valverdek garaipen garrantzitsu bat lortu zutela azpimarratu zuen. Talde horia krisi bat igarotzen ari den arren, maila handiko jokalariak ditu erasoan. Atzeko lerroan, aldiz, gabezia handiak dauzkate. Athletic azkar aurreratu zen markagailuan Iñigo Ruiz de Galarretaren gol bati esker eta lehen ordu erdian bikain aritu ziren. Hiru gol egin zituzten zuri-gorriek lur jota geratu zen Vila-realen aurka.

Hasierako hamaikakoa egonkortuta dago. Batez ere, erasoko postuetan. Guruzetak bere tokia egin du, Sancet ere gero eta jokalari erabakigarriagoa da eta Williams anaien abiadurak min handia egiten du. Zelai-erdian ere Vesga eta Galarreta daudenean asko nabaritzen da eta taldea sendoagoa da. Defentsa osatzerakoan arazo gehiago izaten ari da. Yeray lesionaturik, Paredes eta Vivian bakarrik daude erdiko atzelari gisa. Maila ematen ari dira, baina esperientzia gutxi dute eta zailtasunak izan dituzte.

Eskuin hegalean, berriz, De Marcos bigarren gaztaro bat bizitzen ari da. Ezkerrean Yuri da lehen aukera. Lesionaturik egon denean, Imanolek eta Lekuek jokatu dute. Vila-realen Deustuko jokalariaren aldeko apustua egin zuen entrenatzaileak eta oso ondo erantzun zuen. Imanolek, aldiz, hobetu beharra dauka defentsan.

Bigunegi dabil Athletic atzean. 14 gol jaso ditu 12 jardunalditan, baina gehiago izango lirateke Unai Simonen geldiketengatik izango ez balitz. Murgiako atezainak gol pare bat ekidin izan du jardunaldiko. Vila-realen ere etxeko taldeak norgehiagokari buelta emateko itxaropenak atzeratu zituen.

GAINBEHERA

Izan ere, Athletici sufritzea egokitu zitzaion azken minutuetan. Garaipena bideratuta egon arren, Valverdek asko itxaron zuen aldaketak egiteko. Entrenatzaileak aitortu izan du kosta egiten zaiola bost aldaketara ohitzea eta asmatu ezinda dabil fruituak ateratzeko orduan.

Azken 25 minutuetan mugitu zuen aulkia Vila-realen. Berenguer izan zen ateratzen lehena 67. minutuan. Guruzeta kendu zuen eta Iñaki Williams goian kokatu zen. Ordu laurden geratzen zenean, zelai-erdia indartu nahi izan zuen Dani Garcia eta Unai Gomez sartuta. Bermeokoa ezker hegalean jarri zuen Nico Williamsen ordez defentsako lanetan laguntzeko.

Amaitzeko bost minutu falta zirenean zelairatu ziren Muniain eta Villalibre. Kapitaina ezkerretik aritu zen eta alde horretatik iritsi ziren golak. Lehenengoan, Gerard Morenok errazegi egin zuen jaurtiketa area barrutik, Lekueren eta Paredesen begiradapean. Hurrengo minutuan, Sorlothen golean, ezker hegaletik egin zuen erdiraketa Morenok, Muniainek hanka sartu barik.

Talde zuri-gorriak maila jaitsi zuen aldaketekin eta antzekoa gertatu zitzaion Kopako kanporaketan. Ezohiko jokalarien aldeko apustua egin zuen Rubiren aurka Valverdek eta bigarren zati hasieran Malcom Adu Aresen golei esker eskuan zeukaten garaipena. Hamaikakoan sarritan egoten diren Sancet, Galarreta eta Vivian atera ziren azken minutuetan eta talde katalanaren gola iritsi zen. Vila-realen bezala, ikaratuta bukatu zuten epaileari amaiera eskatu eta eskatu.

Bartzelonan jasotako porrotean ere bost aldaketak egin ostean iritsi zen Marc Guiuren gola 80. minutuan. Valentziaren kontra San Mamesen jokatutako norgehiagokan, ostera, puntu bat eskuratu zuten luzapenean. Aulkitik atera berri zen Berenguerrek egin zuen. Hala ere, Beñat Prados sartu zuen defentsaren erdialdean partida horretan eta Valentziak partida irauli zuen nafarra zelairatu ondoren.