GARA Euskal Herriko egunkaria

Genozidioa geldiarazteko aldarria zabaldu du Gernika-Palestinak

Arratsaldeko 107 mobilizazioen arteko bat, Gasteizen egindakoa. (Jaizki FONTANEDA | FOKU)

Geografikoki eta politikoki, Palestinari elkartasuna adierazteko eta Israelen genozidioaren exijitzeko mobilizazioa zabaldu zuen Gernika-Palestina ekimenak atzo. Nagusiki hiru gauza esatera elkartu zen herriz herri milaka jende: Gazan Israel egiten ari den genozidioarekin amaitu behar da «berehala», konponbidea Nazioarteko Zuzenbidean eta NBEren ebazpenen «betearazte zorrotzean» oinarritu behar da, eta okupazioari amaiera eman eta Palestinaren autodeterminazio eskubidea bermatu behar da.

Urriaren 7az geroztik, Israelek 10.000 zibil hil ditu Palestinan, tartean 4.000 haur baino gehiago, 24.000 pertsona zauritu ditu, eta 1,5 milioi desplazatu eragin. Atzo, Euskal Herrian, 107 herrietan elkarretaratzeak egin ziren Gernika-Palestinaren deialdiarekin bat eginez, eta mobilizazio horiek sindikatu eta talde politiko nagusien atxikimendua jaso zuten. Baita milaka herritarrena ere.

Goizean, lantoki eta hezkuntza zentroetan elkarretaratzeak egin zituzten, eta arratsaldeko 19.00etan izan ziren mobilizazio nagusiak Araba, Bizkai, Gipuzkoa eta Nafarroako herrietan.

NAZIOARTEARI DEIA

Gernika-Palestinak «transbertsalitatea» eta «aniztasun zabala» erakutsi nahi zuen atzoko mobilizazio egunean, ahalik eta herritar gehien batu zitezen hiru eskaera orokor eta zehatz egitera: Israelen genozidioaren amaiera, nazioarteko ebazpenetan oinarritutako konponbidea aplikatu dadila, eta palestinarren autodeterminazioa errespetatzea.

Arratsaldeko protestetan herriz herri irakurri zuten testuan, azpimarratu zuten nazioarteko eragileak ezin direla Israel gauzatzen ari den genozidioaren «konplizeak» izan, kontrara: «Nazioarteko komunitatearen erantzukizuna da bakea babestea, negoziaziorako eta elkarrizketarako baldintza mesedegarriak sortzea eta gatazkaren sugarrak ez haizatzea», gogoratu zuten.

Hori dela eta, ohartarazi zuten munduko agintariek «bakerako deia» egin behar dutela, sarraskiarekin amaitzeko «beraien esku dagoen guztia» egin behar dutela.