GARA Euskal Herriko egunkaria

Loiolako kuartelak Donostiako Udalaren eskuetan uztea onartu du Gobernu espainolak

Loiolako kuartelak 73,3 milioi euroren truke Donostiako Udalaren eskuetan uztea onartu zuen atzo Gobernu espainolak. Madrilek argi berdea emango zuela aurreratu zuen Goiak joan den astean.

Loiolako kuartelaren eskuduntza Udalaren esku izango da aurrerantzean. (Juan Carlos RUIZ | FOKU)

Loiolako kuartelak Donostiako Udalaren eskuetan uztea onartu zuen atzo goizean Gobernu espainolak egin zuen Ministro Kontseiluak. Udalak trukean 73,3 milioi euro ordaindu beharko ditu. Eneko Goiak erabaki hau etorriko zela aurreratu zuen joan den astean.

Kuartel hauek desagertzearen eskaera historikoa izan da Donostian. Prozesuaren azken zatia Gobernu espainolaren 2020. urteko aurrekontuen negoziazioan kokatzen da. Kontuak onartzeko ezinbesteko eskaera bezala jarri zuen orduan EAJk. Dena den, ordutik hona bidea ez da erraza izan, Armada espainolarentzat Loiolako kuartelak beharrezkoak zirela adierazi zuelako Defentsa Ministerioak. Militarrak Donostian mantentzearen aldeko aldarrikapen sutsua egin zuen Madrilek behin baino gehiagotan.

Tartean, Vox alderdiak helegitea aurkeztu zuen eta EAEko Auzitegi Nagusiak modu partzialean onartu zuen. Horren ondorioz, kuarteletako eraikin nagusiak (Infanta Maria Teresa eta Princesa Mercedes izenekoak) ezin izango dira eraitsi, monumentu historikotzat hartu baitzituzten garai horretan.

AUZO BERRI BATEN SORRERA

Loiolako kuarteletan 1.500 etxebizitzatik gora eraiki nahi ditu Udalak, auzo berri bat sortuz 17 hektarea eta erdi duen orubean. Horretarako, ordea, Plan Orokorra aldatu beharko da.

«Lanean ari gara», esan zuen Nekane Arzallus zinegotziak, Goiak joan den urtean akordioaren berri eman zuenean. Etxebizitzez gain, orubearen kota bi metro altxatuko da, uholdeei aurre egiteko. Eta parke bat eta Loiolako Topoaren geltokira heltzeko zaldaina ere egingo dituztela aurreratu zuten joan den astean.

PROZESU LUZEA ORAINDIK

Goiak buruan dituen epeen arabera, hitzarmena urtea amaitu aurretik sinatzea espero dute. Sei hilabete geroago eskriturak sinatuko dira. Honek ez du esan nahi ordurako militarrak Loiolatik kanpo egongo direla, «berrantolatzeko» eta bertatik joateko lau urte beharko dituztela aurreikusten baita. Udaleko gobernu taldearen planen aurrean, EH Bilduk eta Elkarrekin Donostiak etxebizitza publikoa eta babestuaren eskasia salatu izan dute.