IRAITZ MATEO
DONOSTIA

«Antilletan galdurik» saiakera liburua plazaratu du Kepa Larreak

Gaztelako koroaren okupazioak Ameriketan iraun zuen 300 urteetan euskaldunek izan zuten papera ikertu eta kontatzea izan du helburu nagusia Kepa Larrea idazleak bere lan berrian. “Antilletan galdurik” saiakera liburua aurkeztu zuen atzo Pamielarekin.

Kepa Larreak bere lan berria aurkeztu zuen atzo.
Kepa Larreak bere lan berria aurkeztu zuen atzo. (Gorka RUBIO | FOKU)

Kepa Larrea historialaria beti kezkatu izan du euskaldunek zeinen erraz bereganatu izan duten kanpotik beraiei buruz kontatu den historia, nola sinetsi den besteek esana. Kezka horrek bultzatuta idatzi du bere azken lana, “Antilletan galdurik” (Pamiela). Bertan, Gaztelako koroaren okupazioak Ameriketan iraun zuen hirurehun urteetan euskaldunek izandako paperaz mintzo da.

Liburuan zehar, XIX. mendean Ameriketan gertatutakoak aletzen ditu Larreak, hamaika pertsonaia eta hamaika istorio kontatuz: abenturazale, mertzenario, gobernadore edota pirata, pertsonaia guztiek dute beren lekua. Garaiko zenbait irudi ere badaude 150 orrialdeetan zehar.

Josejoa Gallastegi idazlea eta Jesus Etxezarraga kazetaria ere izan ziren atzoko aurkezpenean. Etxezarragak adierazi zuen Espainiak «asmatutako eta justifikatutako» historia edo kontakizuna eraisten duela saiakera lanak. «Pertsonaien galeria miresgarria erakusten digu Larreak», esan zuen Etxezarragak, literatura lana nabarmenduz.

Kepa Larreak aitortu zuen euskaldunek Ameriketan «zer egin zuten eta zer ez zuten egin» argitzen ahalegindu dela liburuan. Informazio bila abiatu zenean Europan zehar zabaldu zen «elezahar beltza» etorri zitzaion burura lehenik, baina aurkezpenean kontatu zuen ez dela elezaharren beharrik, «nahikoa da garaiko kronikak irakurtzea; momentuan harrokeriaz kontatzen zuten egindakoa».

Era berean, Amerikan bizi zirenek «edonork egingo lukeena» egin zuten, bere ustez: «Gabriel Arestik esan bezala, beren aitaren etxea defendatu zuten». Gatazka horretan zenbait euskaldunek egindakoak jaso ditu, nortzuk ziren, zer egin zuten… Horietako bi ziren Lope Agirre eta Xabier Mina, baina ez zuen Ameriketako jendea ahaztu nahi saiakera honetan: Leftratu, Caupolican edo Lemba pertsonaiak ere ageri dira horregatik. Izan ere, hangoek zer idatzi zuten ere ikertu zuen, ikuspegi hori ere egotea garrantzitsua baitzen idazlearentzat.

HITZEN GARRANTZIA

Hitzak ez dira tolesgabeak, Larrearen iritziz, eta sarri arazoa lexikoan egoten dela esan zuen. Zenbait adibide jarri zituen aurkezpenean baina, hasteko, azaldu zuen ez dela gauza bera gertakari horien inguruan hitz egiteko «aurkikuntza, konkista edo paktu» hitzak erabiltzea, eta oso zorrotz agertu zen «paktu» hitzarekin. Eufemismoekin kontuz ibili behar izaten dela gehitu zuen beste adibide bat erabiliz: «Argi ibili behar da ‘baketu’ hitzarekin; espainiarrek ‘baketu’ erabiltzean ‘hil’ esan nahi dute, hiltzearen sinonimotzat erabiltzen dute, eta oso ezberdina da hori, edo ‘bakean utzi’».