Andoni Tolosa «MORAU»
Musikaria

Biniloak

Oraintxe jarri dut disko-jogailuan erosi berri dudan biniloa, eta disko ederra da. Eskerrak gozatu dudan, bestela zer lerdo aurpegia 28 minutu irauten duen diskoaren truke 26 euro ordaindu eta gero. Ez naiz damu, alde batetik, erosi aurretik ziurtatua nuelako, enpirikoki, diskoa maitatuko nuela. Gaur egun, zuhurtzia osoarekin jokatzen dut: salneurri horiekin, akabo diskoak azalaren arabera edo kritikoren batek aholkatuta erostea, akaso oso konfiantzazko lagunen batek erregututa. Bestetik, kontzientzia lasai daukat: ez diot seme-alaben unibertsitateko funtsari hozkarik egin behar izan halako luxua ordaintzeko (besteak beste, seme-alabarik ez dudalako, eta, egun, ez dudalako horrelako erosketarik hiru egunetik behin egiten). Edonola ere, aitortu behar dut berrerorle prestua naizela; musikaren truke dirutza bat edo gehiago xahututakoa, alegia. Adinean aurrera joandakoek; gogoan al dituzue inportazioko diskoen garaiak? Beraz, disko hau erosteak ez dit lorik kenduko, ez dit krisi existentzialik areagotuko.

Bai, gozatu dudalako: biniloaren liturgia guztia txukun burutzen, soinu bero eta borobil hori dastatzen, diskoa kantuz kantu deskubritzen... Baina, hala ere, ez al da apur bat eskandaluzkoa 8 kantuko disko baten truke 26 euro eskatzea? Ez al da ekonomikoki ongi dabiltzan fededunen kontua bilakatu diskoak erostearena? Lagun batek halaxe esan dit: «26 euro... hori merkeetakoa duk motel». Bien bitartean, diskoa bukatu da zutabe honekin batera.