GARA Euskal Herriko egunkaria
AZKEN PUNTUA

Urria esan eta urria izan


Donostian +6, Iruñean +5,2, Baionan +4,9… horiek dira urriko tenperatura maximoen anomalia positiboak, ohiko tenperatura maximoekiko. Erotzeko moduko anomaliak dira.

Hala ere, aipatu behar da minimoak ez direla altuak izan, eta horrek batez besteko tenperaturetan ez duela halako igoerarik ekarri.

Tenperatura hauen erruduna antizikloi erraldoi bat izan da. Europa erdialdean kokatu da eta borraskak Atlantikoan blokeaturik eduki ditu edota goi latitudeetan barrena bidali ditu. Borraska bat mendebaldean izateak eta antizikloia Europa erdialdean hego haizea ekarri digu guri. Hortik, halako tenperaturak. Baina honek guztiak kontrako efektu bat eragin du. Artikoko izotz masa azken urte luzeetako mailarik altuenean dago.

Zergatik? Oso erraza: gure latitudean presio altuak nagusi izan diren bitartean, goi latitudeetan borraskak izan dira nagusi, han negu giro gordina utziz. Ondorioz, izotz geruza izugarri igo da azken asteetan.

Zorionez, urriko joera erabat aldatu da eta udazken/negutu zaigu behingoz. Gainera, ez da kolpeko sekulako hotzik etorri, baizik eta tenperaturak bere neurrian doaz beherako bidean. Hori oso positiboa da.

Ea udazken amaierak eta neguak bere aurpegirik ederrena erakusten diguten. Hori litzateke denontzat albisterik ederrena.