GARA
BILBO

Sortuk «herria aurrera» doala defendatuko du Brouard eta Muguruzaren urteurrenean

Santi Brouard eta Josu Muguruza hil zituzten urteurrenean, azaroaren 20an, Sortuk manifestazioa egingo du Bilbon. Estatu espainolaren aldetik hilketa hauen «aitortzarik, erreparaziorik eta ardura hartzerik» ez dagoela salatu zuen atzo egindako aurkezpenean.

Datorren azaroaren 20rako Sortuk manifestazioa deitu zuen, atzo, Bilbon.
Datorren azaroaren 20rako Sortuk manifestazioa deitu zuen, atzo, Bilbon. (Oskar MATXIN EDESA | FOKU)

Sortuk datorren azaroaren 20rako manifestazioa deitu du Bilbon, Santi Brouard eta Josu Muguruza 1984an eta 1989an, hurrenez hurren, gerra zikineko atentatu banatan hil zituzten urteurrenean. «Euskal Herria aurrera» doala aldarrikatuko du eta Arriaga antzokiaren ataritik abiatuko da 19.00etan, Brouarden mediku kontsultaraino.

Atzo manifestazioaren abiapuntuan egindako aurkezpenean, Sorturen Bizkaiko arduradun eta Nazio Kontseiluko kide Paul Lakak gogoratu zuen: «Aurten 39 eta 34 urte beteko dira Santi eta Josu hil zituztenetik, estatu terrorismoak hil zituenetik. Estatu espainolak agindutako heriotzak izan ziren. Baina, ia 40 urte geroago, oraindik ez dago inolako aitortzarik, ez erreparaziorik, ezta ardura hartzerik ere».

Haren hitzetan, Estatuak gerra zikina «sistematikoki» erabili du ezkerreko independentismoaren kontra; hau da, finantzatutako talde parapolizialak, torturaren erabilera orokortua, eta oinarririk gabeko ilegalizazio, sumario eta espetxeratzeak.

Horrekin guztiarekin bukatu behar dela adierazi zuen Lakak: «Nahikoa da. Estatuaren inpunitatearekin amaitu eta egindakoaren erantzukizuna har dezatela».

«Bere nazio aitortza aldarrikatzen duen herria, zerbitzu publiko eta bizitza duinen alde borrokatzen dena, euskararen kontrako oldarraldiaren aurrean altxatzen dakiena, Palestinaren kontrako genozidioa salatzeko mobilizatzen dena. Hori da gure herria, Euskal Herri solidario, borrokalari eta ameslaria», nabarmendu zuen Arriaga antzokiaren atarian. Haren arabera, Estatu espainoleko «eskuinaren oldarraldiak agerian uzten du 78ko erregimenaren krisia».

Horregatik guztiagatik, Brouarden eta Muguruzaren «legatua hartzera eta Euskal Herriaren askapenaren aldeko borrokan urratsak egiten jarraitzera» dei egin zuen Sorturen Bizkaiko arduradun eta Nazio Kontseiluko kideak: «Gure komunitateari dei egiten diogu mobilizazioan parte hartzera eta, manifestazioaren leloak dioen bezala, ‘Herriak aurrera’ egin dezan independentziarako indarra izaten jarraitzera».

GERRA ZIKINAREN BIKTIMAK

Santi Brouard medikua, euskararen aldeko militantea eta Herri Batasuneko kidea izen zen, besteak beste. 1984ko azaroaren 20an hil zuten Bilbon zeukan pediatria kontsultan. Luis Morcillok eta Rafael Lopez Ocañak hil zuten, GALek kontratatuta. Hilketaren ondoren egindako ikerketetan bi hiltzaileak identifikatu eta auzipetu zituzten, baina Auzitegi Nazional espainoleko epaile batek aske utzi zituen 1999an. Morcillok 2013an aitortu zuen berak tiro egin ziola Brouardi.

Josu Muguruza kazetaria eta Herri Batasuneko parlamentaria izan zen. Madrilen hil zuten, Brouarden aurkako atentatutik bost urte betetzen ziren egunean. Beste ordezkari independentista batzuekin Alcala hotelean afaltzen ari zela, armatuta zeuden bi pertsonek tiro egin zuten taldearen aurka eta Muguruza hil zuten. Iñaki Esnaola ere larriki zauritu zuten. Ekintza hura zela-eta, Angel Duce Hernandez polizia ia ehun urteko kartzela zigorra betetzera kondenatu zuten. Hilketaren ondoren, Euskal Herrian grebara deitu zuten.