GARA
PILOTA

Unai Lasori pilota gosea pizten ari zaio, itzulera gertuago ikusten duen heinean

Unai Laso, Zornotza Pilota Pro Festaren aurkezpenean.
Unai Laso, Zornotza Pilota Pro Festaren aurkezpenean. (BAIKO)

Unai Lasok zuhurra izaten jarraitu nahi du prozesu luze baten azken txanpan, presaka ibiltzeak egindako lan guztia amildegian behera botatzea eragin dezakeela jakitun. Baina ezin du ezkutatu kantxara itzultzeko irrikatan denik. Itzulera hurbilago ikusten duen heinean, pilota gosea pizten ari zaio Bizkarreta-Gerendaingoari. Ekainaren 12an egin zioten aldakako ebakuntza, eta «hasiera batean ez nuen inolako endibiarik pasatzen kideak pilotalekuan ikusita, baina orain, fisikoki hobeto sentitzen ari naizen heinean, lehiatzeko gero eta gogo handiagoa dut. Dena dela, poliki-poliki joan beharra daukat», adierazi zuen aurrelari nafarrak atzo Zornotzan. «Badakit kosta egingo zaidala lesioaren aurretik nuen maila berreskuratzea, baina orain horixe da helburua. Baina horretarako epeak bete behar ditut eta ez naiz presaka ariko», gaineratu zuen.

Binakakoa ate joka dagoen honetan, Bizkarreta-Gerendaingoak ia ezinezkotzat jotzen du lehenengo jardunaldirako jokatzeko moduan egotea, baina lehiaketan egotea espero du.