NOV. 11 2023 KOLABORAZIOA Salduenak Fito RODRIGUEZ Merkatuak agintzen duen gizarte honetan «saldua» izateak esanahi bikoitza dauka, berez. Alde batetik, berdin pertsona, alderdi politikoa, liburua, film edota ekitaldi kulturalen arrakastaren berri eman dezake hitzak edota, alderantziz, aipatua mesfidantzaz hartzeko mespretxuko adierazpena ere izan daiteke. Honen arabera, agian, Pedro Sanchez edo Carles Puigdemont, ondo saltzen duten neurrian, heroi edo bilau izan daitezke biak ala biak. Eta, Donostian Literaktum egiten delarik, gauza bera esan genezake hainbat idazle edo liburu direla-eta. Durangoko azokaren atarian eta Gabonetako kontsumo boladaren aterpea ireki berri delarik, best sellers delakoez hitz pare bat idazteari ezin diot muzin egin, bada. Hasteko, best sellers eta long sellers deritzanak bereizi behar direlakoan nago. Horrela, best seller-ek iraupen oso bizia baina oso laburra duten bitartean, long seller-ak saltzen jarraitzen du urteen buruan, oztopo geografikoak ez ezik, denborazkoak, benetan gainditzen zailenak ere gaindituz, horrela klasiko bihurtu arte. Denboran zehar, etengabe egindako salmentek liburu baten balioaren froga gisa balio dute. Beraz, gure gizartearen ezaugarri den ikuspegi koiuntural eta lasterra gainditu beharko genuke, kulturaz, politikaz eta bizitzaz «taktikoki» ez pentsatzeko, «estrategikoki» hausnartzeko baizik. Hori esanda, gaineratu nahi nuke ez dela beti horrela izaten, eta, hala eta guztiz ere, best seller-ak, «literatura txarra» eta «boladan» dauden politikariak ere beharrezkoak direla eguneroko bizitzan. Ikuspegi literario hutsetik, libururik onenak irakurleak haietatik kalitate goreneko iritziak ateratzeko erabili dituenak izan dira. Nahiz eta, oro har, liburu horietatik ohikoa ez den irakurleak ez duen inoiz probetxurik ateratzen. Hala ere, irakurle txarraren izaeran dago ulertzen ez dituen liburu haietaz guztiez mesfidatzea eta kritika, defentsa-arma gisa erabiltzea estimatzen ez duen haien aurka. Horrela, milioika irakurle frustratuk haserrez, literatura gorenarekin konektatzen ez dutelako, baztertuak izan direla sentitu dute. Nire lagun batzuk, ohiko irakurleak ez direnak, noizbehinkakoak besterik ez, egunero irakurtzen dudala dakitenez, gomendioak eskatu ohi dizkidate. Hasieran burmuinak astintzen nituen haiei erantzuteko, azkenaldi honetan gehien mugitu ninduen irakurketa aurkitu arte, gehien harritu, liluratu edo hunkitu ninduen liburuaren bila hura eskaintzeko. Nire azken aurkikuntzak aukeratzen nituen eta, haien artean, punta-puntako idazlea aurkitzen saiatzen nintzen. Ondoren, ordea, nik esandakoaren lehen kapitulua ere amaitzeko gai izan ez zirela esaten zidaten. Urteen poderioz, ebidentzietara egokitzea besterik ez zait geratu, eta, beraz, metodoa errotik aldatzea deliberatu dut. Gaur egun, gehien saltzen diren liburuen zerrenda kontsultatzen dut, eta nik irakurri ere egin ez ditudan eta irakurtzeko asmorik ez dudan tituluak hartzera animatzen ditut adiskideak... Eta sorpresa: gehienetan asmatu egiten dut. Esan bezala, adiskideak ditut aipatu irakurleak, beraz, literatura txarraren defentsa egin beharra daukat. Izan ere, literaturari eta euskarari egin dakiokeen okerrena irakurtzen duenaren gogobetetasuna deuseztatzea litzateke eta biak, literatura eta euskara, euskal literatura, alegia, zirkulu itxi batean sartu. Literaturari eta euskarari egin dakiokeen okerrena irakurtzen duenaren gogobetetasuna deuseztatzea litzateke