IRAITZ MATEO

Bilboko finalera iritsi aurretik, hiru geltoki: Berriz, Santurtzi eta Lemoa

Gaur izango da 2023ko Bizkaiko Bertsolari Txapelketako finalaurreko lehenengo saioa. Beste biak Santurtzin eta Lemoan egingo dira azaroaren 18an eta 25ean. Zortzi bertsolarik kantatuko dute Bilboko finalean.

Finalaurrekoen fasean sartuko dira gaur.
Finalaurrekoen fasean sartuko dira gaur. (Marisol RAMIREZ | FOKU)

Amaieratik pentsatzen hasten omen da bertsolaria: lehendabizi, bertsoaren bukaera. Txapelketan aurrera egiteko, baina, geltokiz geltoki pentsatu eta egin behar izaten da. Ez baita aski finalarekin amestu edo pentsatzearekin, hemen, hasieratik lan egin behar da. Gaur ekingo dio lehen zortzikoteak Berrizen.

Udabarria bertsotan izan zen 2023ko Bizkaiko Bertsolari Txapelketaren aurrekaria, han erabaki zen nor hasiko zen udazkenean. Eta asteburu honetan, finalaurreko saioei hasiera ematearekin batera, finalerako lehenbiziko txartela eskuratuko du kantatuko duten sei bertsolarietako batek.

Belate Olabarria Bizkaiko Bertsozale Elkarteko lehendakaria da, eta pozik ekin zion txapelketari, eta gogotsu dago datorrenaren aurrean: «Beti erantzun oso ona izaten dugu bertsozaleen partetik, baina aurtengoa itzela izan da; kanporaketetan jende asko egon da, eta giroa ere oso bero».

BIDAIARI BERRIAK

Finalaurrekoek «xarma berezi bat» dute Olabarriarentzat. Aitortu du bertsozalearengan ere hala izaten dela. Besteak beste, pasatu den txapelketako finalistek fase honetan jauzi egiten dutelako oholtzara, Etxahun Lekuek izan ezik, 2021ean jada iragarri baitzuen txapelketa uzteko asmoa. Olabarriaren ustez, hala ere, joan den urteko finalista izateak ez du ezer esan nahi: «Finalistak finalista dira, baina akaso aurpegi berriren bat sartuko da aurten finalera, eta aurrez egondakoren bat geratuko da kanpoan».

Ikuspegi ezberdinetatik begiratzen dio lehendakariak parte hartzaileen zerrendari. Bertso eskola ezberdin askotako kantukideak daudela nabarmendu du, «eta horrek bertso eskoletako giroa pil-pilean jarri du». Zazpi emakume eta 11 gizonezko arituko dira kantuan; aurreko Bizkaiko txapelketan ere kopuru bera zen, baina finalaurreko zenbakietatik harago gogoeta bat plazaratu du Olabarriak: «Nabaritzen dugu fase honetara sailkatu edo ez, txapelketan parte hartzeko emakume gehiago animatzen ari direla, maila oso altuarekin, gainera».

ARIKETA ALDAKETA

Ariketa puntuagarrietan lehena, orain arte bezala, ofizioka osatu beharreko zortziko nagusia izango da. Ondoren, zortziko txikira jauzi egingo dute bertsolariek. Tartean, saioaren erdialdean, bakarka bina puntu erantzun beharko dituzte. Eta azken ofiziotako lan gisa, hamarreko txikian jardun beharko dute. Amaitzeko, ganbarako ariketa egingo dute: gai bat emanda, hiru bertso.