GARA
REYKJAVIK

Islandiako agintariek larrialdi egoera ezarri dute, erupzio bolkaniko baten beldur, hainbat lurrikara izan ostean

Fagradalsfjall sumendiaren inguruak.
Fagradalsfjall sumendiaren inguruak. (Halldor KOLBEINS | AFP)

Islandiako agintariek larrialdi egoera ezarri dute Grindaviketik gertu, Ipar Atlantikoko uharte horren hego-mendebaldean, hainbat lurrikara izan ostean, eta sumendiaren erupzioa piztu daitekeela ohartarazi zuten. Hala, Reykjavik hiriburutik 50 kilometrora dagoen hiri hori ebakuatzea agindu zuten.

Azken egun eta orduetan, «aldaketa esanguratsuak» izan dira Islandiako Grindavik herritik gertu dagoen lurpeko magmaren pilaketan. Bertan, ia 4.000 pertsona bizi dira, IMO Islandiako Meteorologia Bulegoaren arabera. Horren aurrean, Udaltzaingoak eta Babes Zibileko agintaritzak Grindavik ebakuatzea eta larrialdi-egoera ezartzea erabaki zuten.

«Une honetan, ezin da zehaztu magma azalera irits daitekeen eta non. Zantzu batzuen arabera, magma kantitate handi bat mugitzen ari da Sundhnjukagigumetik Grindavikera doan eremuan», ziurtatu zuen IMOk.

Gaineratu zuenez, «Fagradalsfjalleko erupzioekin lotutako magma-intrusio handiagoetan ikusi zena baino magma-kantitate nabarmen handiagoa dago tartean». «Magma-intrusioaren irudi zehatzagoa ematen duten ereduak kalkulatzeko datu gehiago biltzen ari dira», esan zuen.

Urriaren amaieran hasi ziren milaka dardara Reykjanes penintsula astintzen, non Fagradalsfjall sumendia dagoen. Fagradalsfjall Reykjavik hiriburutik 40 kilometrora dago. 2021ean lehertu zen azken aldiz erupzioa.

Gaur ikusten diren zantzuak sumendi horren lehen erupzioaren bezperakoen antzekoak dira eta erupzio hori baino hilabete lehenago gutxi gorabehera neurtu zen jarduera sismikoaren oso antzekoak.

Orain, Fagradalsfjallaren erupzioa erreferentetzat hartuta, egoera posibleena da «magmak hainbat egun (eta ez orduak ) behar izatea azalera iristeko», gaineratu zuen agintari meteorologikoak.

Ostegunean, Blue Lagoon igerileku geotermikoa itxita egon zen, dardaren eta langileen tentsioaren ondorioz.