GARA
DONOSTIA
BEHOBIA-DONOSTIA LASTERKETA

Kemena, errekorra eta giro herrikoia, altxorra bilatzeko ardatzak

«Altxorraren bila» leloarekin aurkeztu zuten Behobia-Donostiaren 58. edizioa, bandera pirata lasterketaren ikur bilakatuz. Bada, 30.000 parte-hartzailek, ekimenaren filosofia ardatz hartuta, bilaketa arrakastatsua izan zuten.

«Palestina askatu» aldarriarekin helmugaratu diren korrikalariak.
«Palestina askatu» aldarriarekin helmugaratu diren korrikalariak. (Gorka RUBIO | FOKU)

 

Chakib Lachgar-ek eta Laura Rodriguezek irabazi zuten Behobia-Donostia lasterketaren 58. edizioa, biek ala biek denbora ederra erregistratuta. Lachgarrek, 50 kilometroetako mundiala irabazi eta aste batera, lasterketako marka hautsi zuen, 20 kilometroak ordubete baino gutxiagoan osatuta (59:56 minutu), Behobia-Donostiaren historian lehen aldiz. Rodriguezek ere bakarrik gurutzatu zuen helmuga, 1:14.22ko denborarekin, azken txanpan hortzak estutu eta aurkari guztiak atzean utzita, horien artean Helene Alberdi.

Korrikalari guztietatik bi horiek jantzi zuten txapela baina, orotara, 30.000 pertsona inguruk izan zuten arrakasta Behobia-Donostiaren altxorraren bilaketan, aurtengo leloari jarraituz, historian lehen aldiz parte-hartzaileen herena emakumezkoa izanda. «Altxorraren bila» aldarriarekin aurkeztu zuten aurtengo edizioa, bandera pirata ikur bilakatuz. Halere, benetako ikur eta aldarri bilakatu zena Palestinaren aldeko mezua izan zen, alboko irudiko bi korrikalariek eraman zuten banderan irakur daitekeen legez.

Hasiera azkar eta kementsua izan zuen korrikaldiak, errekor berria ekarri zuena baina, batez ere, giro herrikoi eta askotarikoa izan zuen bereizgarri. Txapela janztea bigarren mailan geratu ohi da, 20 kilometroak osatzea eta giro onaz disfrutatzea izaten baitira helburu nagusiak; bai estreinakoz aritzen den horrena, bai jada 25. aldiz korritzen duenarena; dela patinen gainean, dela handbike-an, dela gurpil-aulkian, denak dira irabazle altxorraren bilaketan.