Haritz LARRAÑAGA
DONOSTIA
SURFA

Munduko olatu handien WSL txapelketak egiteko epea ireki da

Azaroaren 10ean ireki zen munduko olatu handien WSL itzulia osatzen duten bi txapelketak egiteko itxaronaldi epea. Martxoaren 31ra bitartean Portugal edo Hawaiiko Maui uhartera itsaski sendo bat hurbiltzen bada antolatzaileek lehaikideak deituko dituzte.

Ikusleak, olatu handiei begira.
Ikusleak, olatu handiei begira. (WORLDSURFLEAGUE.COM)

Munduko olatu handien WSL itzulia osatzen duten bi txapelketak egiteko itxaronaldi epea azaroaren 10ean hasi zen eta martxoaren 31n amaituko da. Tarte horretan Portugaleko edo Hawaiiko Maui uhartera itsaski sendo bat gerturatzen bada eta antolatzaileek txapelketak egiteko baldintza egokiak izango direla aurreikusten badute, hautatuak izan diren surflariei dei egingo diete lehiatzeko prest egon daitezen.

Azken bost urteetan bezala, Portugalgo Nazare urautsian eta Mauiko Pe’ahi urautsian soilik lehiatuko dira olatu handietako surflariak, gutxieneko baldintzak izaten badira; hau da, 25 oineko olatuak (7 metro baino gehiago) eta haize egokia. Bi txapelketa eta bi modalitate izango dira; alegia, batean tow-in bidez lehiatuko dira eta bestean arraun eginda hartu beharko dituzte olatuak. Lehiakideen zerrenda ere ez da bietan berbera izango, baina lehiaketa arauak ia berberak izango dira.

NAZARE ETA PEA’HI NAZAREN URETAKO MOTOEN LAGUNTZAZ (
) HARTUKO DITUZTE OLATUAK LEHIAKIDEEK; HORTAZ, BIKOTEAK OSATUKO DIRA ETA LEHIAKIDEAK EZ DIRA PE’AHIKO BERBERAK IZANGO, NAHIZ ETA BATZUEK BI TXAPELKETETAN PARTE HARTUKO DUTEN. PE’AHIN, OSTERA, ARRAUN EGINDA HARTU BEHARKO DITUZTE OLATUAK LEHIAKIDEEK ETA URAUTSIAN ERE MOTOEN LAGUNTZARIK GABE ITXARON BEHARKO DITUZTE OLATUAK; ALEGIA, BAT-BATEAN ALTXA DAITEZKEEN UHIN-LERROEK AZPIAN ATZEMATEKO ARRISKUAREKIN.

Gauzak horrela, itsaskien eta antolatzaileen deiaren zain daude hautatuak izan diren lehiakideak. Behar bezalako baldintzak izango balira, “alerta horia” deituko lukete antolatzaileek gutxienez 72 orduko aurrerapenarekin. Dei horren ostean itsaskiak eta eguraldiak bat egingo dutela aurreikusiko balute, “alerta berdea” deituko lukete 24 ordu lehenago, eta une horretatik aitzina txapelketa indarrean dela esan daiteke. Orduan, lehiatuko duten surflariek itsasoratzeko prest egon behar dute.

Gertatu izan da alerta horia deitu ostean txapelketa bertan behera geratzea, baina deialdia ahalik eta ziurtasun handienarekin egiten saiatzen dira antolatzaileak, mundu osoan barreiatuak diren surflariak bildu behar baitituzte. Horrez gain, ordezko surflarien zerrenda bat ere bada, zeren lehiakideek txapelketan izango direla baieztatu behar dute. Arrazoia edozein dela ere, lehiakideren batek bertaratuko dela ziurtatu ezin badu, antolatzaileek automatikoki ordezko surflariaren zerrendan begiratzen dute eta dagokion surflariari deitzen diote prest egon dadin.

LEHENTASUN ARAUA AURTENGO DENBORALDIAN LEHEN ALDIZ “LEHENTASUN ARAUA” KONTUAN HARTUKO DUTE EPAILEEK. BERRIKUNTZA ESANGURATSUA DA, ORAIN ARTEAN OLATU BERA BI LEHIAKIDEK EDO GEHIAGOK HARTZEA POSIBLE BAITZEN -IZAN ERE, OLATU HANDIETAN OHIKOA IZATEN DA OLATU PARTEKATZEA, KASU GEHIENETAN HELBURU BAKARRA OLATUA JAISTEA IZATEN BAITA-, BAINA AZKENENGO URTEOTAN OLATU HANDIETAN SURF EGITEKO MODUAN URRATS ESANGURATSUAK EGIN DIRA ETA GAUR EGUN EZ DA NAHIKOA OLATUA JAISTEA, JARRAIAN EGITEN DENA ERE KONTUAN HARTZEN DA.

Lehiakideek nahi adina olatu hartzeko eskubidea duten arren, olatu handien zain denbora asko egin ohi dute leku egokitik gehiegi mugitu gabe; izan ere, leku desegokian egonez gero, olatu handiek azpian atzeman ditzakete surflariak eta, arriskutsua izateaz gain, denbora asko gal dezakete lehiakideek; beraz, olatu aukeraketa egokia egitea zinez garrantzitsua da.

Horregatik, olatu bat hartzeko aukera iristen denean ulertzekoa da olatua partekatzea. Alabaina, hemendik aurrera olatu handietako txapelketetan ez da horrela izango: urautsitik gertuen dagoen surflariak izango du lehentasuna. Lehiakideek beraiek eskaera egin ostean ezarri du arau berria WSL erakundeak.

Gainontzean, txapelketa eredua orain arteko berbera izango da. Egun bakar batean egingo dira lehiaketak. Pe’ahin 24 mutil eta 12 neska arituko dira eta sei lehiakidez osatutako txandetan banatuko dira. Horietatik hiru lehiakide igaroko dira hurrengo txandara. Horrela, mutilen kasuan hiru erronda dira; alegia, finalera iristeko bi erronda pasa behar dira, baina nesken kategorian zuzenean finalerdietatik hasten dira sei lehiakidez osatutako bi txandekin. Txandak 45 minutukoak dira eta puntuazioa zero eta hamar puntu artekoa da. Bi olatu hoberenak hartzen dira kontuan, baina olatu hoberenak balio bikoitza du.

TXAPELKETA MISTOA FUNTSEAN LEHIAKETA EREDUA BERDINA IZAN ARREN, NAZAREN EGITEN DEN TXAPELKETAK BADITU EZAUGARRI BEREZIAK. LEHIAKIDEAK EZ DIRA PE’AHIKO LEHIAKIDE BERBERAK,
MODALITATEAN AURREZ EMAITZA ONAK ESKURATUTAKO LEHIAKIDEEK EDO
MODALITATEAN OSPE HANDIA DUTEN 18 LEHIAKIDEEK OSATZEN DITUZTE BIKOTEAK ETA HORIEN ARTEAN BADIRA BIKOTE MISTOAK ERE. ESATE BATERAKO, MAYA GABEIRA ETA MICHELLE DES BOUILLONS BRASILDARRAK ETA JUSTINE DUPONT FRANTSESA DAUDE LEHIAKIDEEN ARTEAN.

Bikote bakoitzak olatu gainean abilezia erakutsi beharko du, baina baita kidea olatu gainera eraman eta leku egokian kokatzen ere. Gidari on bat funtsezkoa da tow-in modalitatean, olatu egokia oraindik oso urrun dagoenean identifikatu behar baita eta zehazki zein lekutan lehertuko den asmatu behar baita.

Surflari bakoitzak gutxienez olatu bat hartu beharko du, baina baita bere kidea olatu gainera eraman ere, zeren bikote bakoitza osatzen duten bi surflarien jarduna puntuatuko da. Jasotako puntuak indibidualki jasoko diren arren, puntuazio orokorra taldekakoa izango da; beraz, ez du balio lehiakide batek sekulako lana egiteak, besteak ez badu deus egiten.

Arrauneko modalitatean bezala, zerotik hamarrera bitarteko eskalan surflari bakoitzaren bi olatu hoberenak hartuko dira kontuan eta olatu hoberenak balio bikoitza izango du. Hortaz, gehienez 30 puntu jaso ahalko ditu surflari bakoitzak.

Nazaren surflari europarren presentzia nabarmena izango da, txapelketa Portugalen izaki bertako zenbait surflariri aukera ematen baitie WSL erakundeak. Aitzitik Pe’ahiko txapelketan oso gutxi dira parte hartu ahal duten europarrak. Mutilen kasuan 24 lehiakidetik soilik lau surflari izango dira europarrak; italiar bat, ingeles bat eta bi portugaldar. Nesken kasuan, ostera, europar bat baino ez dago lehiakideen artean, Justine Dupont frantsesa. Hawaiiarrak, ordea, nagusi izango dira: 13 hawaiiar mutiletan eta 5 nesken kategorian.