GARA
GASTEIZ

«Aliantza feministak» ardatz, Emakunderen Aholku Batzordearen 25. urtemugan

Emakunderen Aholku Batzordeak 25 urte bete dituela ospatzeko jardunaldia burutu zen atzo Gasteizen. «Aliantzak» sortzearen garrantziaz, batzordearen ibilbideaz eta egindako lanaz hausnarketa egin zuten zenbait elkartetako ordezkariek eta beste elkarteei parte hartzera dei egin zieten.

Emakunderen Aholku Batzordearen 25. urteurrena ospatzeko jardunaldian elkarteen arteko «aliantza feministak sortzearen garrantzian» sakondu zuten atzo, «politika publikoetan eragina izango duen elkarrizketa sortzeko». Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako elkarteetako ordezkariek nabarmendu zuten hori.

Lakuako Gobernuak ohar batean laburbildu zuenez, «Emakunderen Aholku Batzordea erreferentziazko gunea da EAEn berdintasunerako politika publikoak garatzeko elkarrizketa soziopolitikorako, eta emakumeen elkarteek erakundearekin komunikatzeko duten bidea da».

Gasteizko Jesus Guridi kontserbatorioan egindako jardunaldietan Nerea Melgosa Berdintasun sailburuak elkarte-mugimenduak emakumeen eskubideak sortzeko eta finkatzeko egiten duen lana nabarmendu zuen. Bere hitzetan, Aholku Batzordearen ibilbidea eta Emakunderekin eta berdintasun politikekin izan duen harremana «ez da estatikoa izan, baizik eta Euskadin mugimendu feministak eta emakumeen elkarteek eta berdintasun-politika publikoek izan duten bilakaerarekin paraleloan eboluzionatu du».

25 urte hauetako lana ikusarazteaz eta prozesuaren memoria soziala egiteaz gain, beste elkarte batzuk Aholku Batzordean parte hartzera motibatzea izan zen jardunaldiaren helburua, «erreleboen kudeaketa eraginkorra» egin ahal izateko.

Jardunaldiaren azken zatian, Miren Elgarrestak, Emakundeko Zuzendaritza Kontseiluko elkarteen ordezkari Yolanda Baronarekin agenda feministaren erronkei buruz hausnartuz, honakoa azpimarratu zuen: «Emakunde emakumeen elkarteek egiten dituzten proposamenak bere egiten saiatzen da, eta proposamen horiek baliabideekin babesten, dirulaguntzetatik haratago doan babesarekin».