GARA Euskal Herriko egunkaria
AZKEN PUNTUA

Anonimotasunaren pribilegioa


Nire familiako batek atzo hegazkina hartu zuen Japoniara joateko. Tokio aipatzean, jendetzaren irudiak etortzen zaizkit burura, semaforoaren zain zebra-bide erraldoietatik igarotzeko. «Tokio» googleatu dut eta Wikipediak dio 14 milioi biztanle bizi direla hiriburuan. Bertigo sentsazioak zeharkatu dit gorputz osoa: «Ezin izanen nuke han bizi». Amnesia hutsa da, baina; Euskal Herrian lurreratu baino lehen, ia milioi bat biztanle inguru dituen hiri batean bizi nintzen, eta megalopolia izan gabe ere, bada gauza seguru bat: inork ez zaitu ezagutzen. Askotan dentso eta heterogeneoa deituriko oihan urbanoak anonimotasunaren pribilegioa oparitzen du -aditza, nahita aukeratuta-.

Colette Petonnet antropologoak horrela zioen: «Anonimotasun perfektuan, hitza askea da, airea bezala». Eta hor datza nire dilema: hiri txikiak (batzuetan herri) dakarren hurbiltasunaren erosotasunean, nola aurki dezaket askatasun osoa? Kaleak gurutzatu aurpegi lagunak (eta ez hain lagunak) agurtuz, askatasuna gauean dantzatzeko begi ezezagunen artean. Tailer batera apuntatzeko, zerrendan inoiz ikusitako izen-abizenekin. Anonimotasuna batzuetan intimitatea baita, nahiz eta askotan hiria infernu handi izan daitekeen.