GARA Euskal Herriko egunkaria

Liburutegiak omentzen ditu Bernues, Cano eta Hergueraren obrak

«Mundua pitzatuta dago baina hantxe gabiltza oinez» antzerki obra bat da, baita album ilustratu bat ere, lau hizkuntzatan emana. Fernando Bernuesen ideia batetik sortu zen antzezlana: alabarekin nola komunikatu ez dakien aita batek paperezko hegazkin bat bidaltzen dio egunero balkoitik agur errateko. Handik urte aunitzetara protagonistak liburu bat aurkezten du, benetakoa, Harkaitz Canok idatzi eta Isabel Herguerak ilustratua.

Hiru artistaren konplizitatez sortu da obra. Fernando Bernues, Isabel Herguera eta Harkaitz Cano dira. (Jon URBE | FOKU)

Alabarekin nola komunikatu ez dakien aita batek paperezko hegazkin bat bidaltzen dio egunero balkoitik agurtzeko. Mezuen bidez, literatur misioak paratzen dizkio, eta Oihana hamar urteko haurra liburuzain baten laguntzaz joaten da horiek deszifratzen. Aita-alabek harreman literario bital bat lantzen dute horrela, gertaera lazgarri batek lur jota utzi ondotik.

Fernando Bernuesek Harkaitz Canoren konplizitatez garatu zuen ideia eta bizipen hori. Izan ere, urte aunitz geroago, idazlea da Oihana, eta liburutegira itzuliko da bere aurreneko obran jaso duen iniziazio-esperientzia hori plazaratzeko. “Mundua pitzatuta dago baina hantxe gabiltza oinez” Tanttakaren antzezlana aurkezpen horrekin hasten da. Liburua benetakoa da, Canok idatzi eta Isabel Herguerak ilustratutako album bat, Ereinek argitaratua.

Antzerkigileak hunkituta adierazi zuen bai liburua bai antzezlana lau hizkuntzatan daudela, valentzieraz, galegoz, euskaraz eta gaztelaniaz.

AURKEZPEN BAT BERTZE BATEN BARNEAN

Atzo egin zuten aurkezpenaren barreneko aurkezpena, Donostiako Santa Teresa komentuan, orain, obrak egin bitartean, Koldo Mitxelena Kulturunea dagoen lekuan. Idazleak txikitan esne kartoietan ikusten zituen behien lilura hori sentitzen zuen: behiak esne kartoi bat zuen, eta esne kartoi horretan bertze behi bat azaltzen zen, behi horrek bertze esne kartoi bat zuen...

Aita-alaben arteko istorioa kontatzeaz gain, liburutegiei gorazarre egiten die obrak. «Oso gauza bereziak gertatzen diren tokiak dira. Adibidez, bila zoazen liburuaren ondoan egoten da behar duzuna», azaldu zuen lasartearrak.

SIDEKAR BAT

Isabel Herguera, “El sueño de la sultana” filmaren amaiera betean zegoela, haize pixka baten bila pintxo batzuk jatera atera zen. «Txepetxara joan ginen, eta han zeuden Fernando eta Harkaitz. Esan zidaten ilustrazioak egitea eskatu nahi zidatela. Ezin iritsi nenbilen eta estutasuna sentitu nuen, baina primeran joan da. Liburu askori omenaldia egiten die eta niretzat beti izan dira liburuak eskapatzeko eta amesteko aukera bat. Lantzen ari nintzenarekin bat egiten du, gainera», adierazi zuen donostiarrak.

Sidekar tamainako liburu bat sortu du, formatu apaisatu luzangakoa, birentzako modukoa: bi lagun sar daitezke eta elkarrekin bidaiatu, bat pilotu eta bertzea kopilotu.

Azaleko irudiak pasarte bat jasotzen du: aitak alfabetoa proposatzen dio alabari une zailetan laguntzeko. 10 urterekin parkea lehenbizikoz gauez eta bakarrik gurutzatu behar duenean, letra bakoitzarentzat hitz bat asmatzera jostatzen da: arbola, bankua, dadoa, erlea... Horrela, beldurraz ahanzten da. «Alfabetoa salbamendu bilakatzen da. Oso txikia zarenetik funtzionatzen du gertatzen zaizuna kontatzeak», azaldu zuen Fernando Bernuesek.

«Zuzendaritzak gureak dira, eta aktoreak ezberdinak hizkuntzaren arabera», zehaztu zuen Tanttakakoak. Euskaraz, Miren Arrietak egiten du alabaren papera, Asier Hernandezek aitarena eta Sara Cozarrek liburuzainarena.

KOLDO MITXELENAN

Abenduaren 11tik aurrera ikusten ahalko da antzerki obra, Koldo Mitxelena Kulturunean.

Gipuzkoako Aldundiko Kulturako ordezkariak esplikatu zuen antzezlana aukera bikaina dela KMrentzat, liburutegiei omenaldia egiten dielako. Gainera, Kultura Eskola programa egiten dute ikastetxeekin eta hainbat emanaldi antolatu dituzte ikasleentzat.