Mikel ARAMENDI
Kazetaria
JOPUNTUA

Biden eta Xi, urtebete geroago

Txarrak dira aurrekariak. Duela urtebete, doi-doi, azaroaren 14an, eseri ziren aurrez aurre Baliko G20 goi-bileraren testuinguruan munduko bi agintari ahaltsuenak. APECaren gailurraren aitzakian, etzi berriro Kaliforniako San Frantziskon esertzen direnean, ezer gutxi aurkitu ahalko dute positiborik elkarren arteko harremanen bilakaera goresteko. Balin hitzartu zena kontrakoa izan arren.

Orduan, elkarren arteko harremanak epeldu eta gozatzea adostu zuten munduko bi estatuburu nagusiek. Eta hartarako lehen urratsa izan behar zen, berehalakoan, Blinken Estatu-idazkariaren bisitaldia Pekinera. Baina hura ere, atzeratu ez ezik, zapuztu egin zen aurtengo otsailean globoaren kontura (egunen batean argituko dira pasadizoaren benetako kausak eta ondorioak); eta Blinken ez zen uztailera arte joan Pekinera. Gutxi esatea da harrera hotza aurkitu zuela, eta ia esku hutsik itzuli zela etxera.

Hala ere, ahaltsua da ekonomiaren orroa, eta azken hilabete hauetan Yellen eta Raimondok egin dituzten bidaiek, askoz zarata gutxiagorekin, emaitza baikorxeagoak izan dituztela ematen du. Eta une honetan bertan, He Lifeng, txinatar arduradun ekonomiko gorena, lanak aurreratzen-edo dabil jada Kalifornian. Bizkitartean G. Newsom kaliforniar gobernadoreak xerpa-lana egin du San Frantziskoko goi-bilera Balikoa baino emankorragoa izan dadin.

Baina testuingurua ere ez da hobea: Balin Ukraina zena (eta Estatu Batuen errieta Txinari, Errusiaren aurkako gerra ekonomikoan Mendebaldearekin bat egiten ez zuelako), Palestina izango da San Frantziskon (eta Txinaren errieta AEBei, ez duelako sarraskia geldiarazteko presio egiten, Hegoalde globalak eskatzen duen eran).

Korapilo askagaitza, haatik, bakoitzak darabilen agendan egongo da. Bidenek nahiko du Xik konpromisoren bat hitzematea bere indar nuklearren hazkundea galgatzeko. Eta Xik nahiko du Bidenek Taiwango marra gorria errespetatzeko konpromisoa argi azaltzea. Besteak beste. Asisko santuaren miraririk ezean...