Ramon SOLA
ESPAINIAKO GOBERNUKO PRESIDENTEAREN INBESTIDURA

EAJ, Madrilen posizioa indartu nahian; EH Bildu, Euskal Herrian

Nola iristen dira euskal alderdiak inbestidura saio honetara? Bide guztiz ezberdinetatik. EH Bildu Pedro Sanchezekin negoziazio prozesurik burutu ez duen «kide» bakarra da; EAJk, aldiz, azken txanparaino eraman du. Ikuspegi eta interes ezberdinak antzematen dira estrategia hauetan.

(Aitor KARASATORRE | FOKU)

Politika egiteko bi molde oso ezberdin jorratu dituzte EH Bilduk eta EAJk, Pedro Sanchez karguan berresteko hiru hilabeteko prozesu honetan. «Marra gorririk ez» eta «lan asko eta hitz gutxi» izan dira Arnaldo Otegi buru duen indarraren irizpideak. Andoni Ortuzarrenak, aldiz, negoziazioa Juntsek baino gehiago luzatu du denboran eta eskuratutako akordioen aurkezpen zalapartatsua egin du (Madrilen goizez eta Bilbon arratsaldez).

EAJk asko lortu duela ondorioztatu behar da honetatik? Ez dirudi. Batetik, begien bistakoa da Aitor Estebanek Sanchezi ustez urratutako konpromiso batzuk aurretik hitzemanda zirela eta ez direla orain arte bete (eskumenei dagozkienak). Bestetik, nazio aitortzaren arloan Sabin Etxetik aurrerapausotzat jo dutena zehaztugabea da, Andoni Ortuzarrek asteburuan Vocenton aitortu duenez: «Horretaz negoziatzea onartu du PSOEk (...) Erabakitzeko eskubideak era batean edo bestean egon behar du, baina ez dugu esplizituki sartu, desdramatizatu behar delako (...)».

Galdera berari buelta emanez, EH Bilduk ez duela ezer lortu ulertu behar da? Ezta ere. PSOErekin ohiko negoziazioa abiatzeko aukera hasiera-hasieratik errefusatu zuenean, eskuinari ateak ixteko erabakitasuna berretsi eta mezu ezin garbiagoa eman zuen ezker independentistak, euskal gizartearen gehiengoarekin bat eginez.

Honetaz gain, aurreko legegintzaldia gogoan hartuta, nabaria da EH Bilduren lorpen batzuk ez zirela publikoak izan, mahai baten bueltan sinatzen diren horietakoak, zalapartarik eragin nahi gabe garatuak baizik. Adibide bat emategatik, Ortuzarrek aipatu zuen elkarrizketa batean espetxe arloko eskumena ez zuela EAJk bereziki eskatzen, ezker abertzaleak baizik.

Pedro Sanchezekin lortutako bi argazkiek ederki laburbiltzen dituzte bi bide ezberdin hauek. Askok nabarmendu dutenez, EAJrekin sinatuko akordioan presidente espainolak parte hartu izana Sabin Etxeari oparitutako keinua izan da. Baina politikoki garrantzi handiagokoa dirudi Mertxe Aizpurua eta Gorka Elejabarrietarekin Moncloako agintaria irribarretsu eseri izanak, hau ezin baitzen duela lau urte aurreikusi ere egin.

MADRILERA EDO BILBORA?

Joera hauei jarraituz, litekeena da EH Bilduren biharko interbentzioa EAJrena baino apalagoa izatea. Aitor Estebanek gidatzen duen taldeak, lehendabiziko aldiz presidente espainol baten inbestidura saioan (non oihartzuna oso zabala den, eta askotan denbora luzekoa), ezker independentismoaren ordezkariaren ondoren hitz egin beharko du, diputatu gutxiago izanik. Ahotsa goratu beharko du jeltzaleak.

EH Bildurentzat, ordea, gaurko eta biharko hitzordua ere ez da ziur aski aste honetako garrantzitsuena. Egutegi politikoaren bihurrikeriek bere alde egin dute, inbestidura saio hau larunbateko Bilboko manifestazioaren bezperetan kokatuz. ‘‘Nazio bat gara’’ aldarria ozen entzungo da Casillatik behera bi egun geroago, eta Sanchezek hartutako konpromisoen aurrean Euskal Herritik zein Kataluniatik emandako lehen agur edo erantzun moduko bat bilakatuko da (are gehiago egun horretan Espainia aldean amnistia eta autodeterminazioaren aurkako jende uholdea espero dela kontuan harturik). Izan ere, agertoki espainol berritik leiho aukera bat zabaltzen bada, Euskal Herritik eta Kataluniatik igaro beharko da.