GARA
BILBO

«Kortxoaren dilema» Tartean Teatroren azken ekoizpenak gaur ikusiko du argia Arriagan

Endredozko thriller politikoa ondu dute Patxo Telleriak eta Mikel Martinezek. Mireia Gabilondok zuzendu du etikari, koherentziari, traizioei eta mendekuei buruzko joko teatrala.

Antzezlan berria ondu duen lantaldeko hainbat kide, atzo, Arriaga antzokian.
Antzezlan berria ondu duen lantaldeko hainbat kide, atzo, Arriaga antzokian. (Oskar MATXIN EDESA | FOKU)

Irakaslea (70 urte) katedratiko jubilatua da, ezkerraren erreferente intelektuala. Polemikoa eta itzal handikoa. «Noam Chomsky iberiar bat». Pronostiko gaiztoko minbizia dauka, baina sendatzeko aukera sortu da ezustean: aberats ospetsu batek osasun sistema publikoari dohaintzan eman dion erradioterapia ekipamendu batean tratamendua har dezake.

Iritzi publikoak goraipatu egin du donazio hau. Bakan batzuek, ordea, zergak behar bezala ez ordaintzeko trikimailua dela salatu dute. Hauen buru, irakasle zaharra. Orain denek galdetzen diote zer egingo duen, bere printzipioekiko leiala izan ala burua makurtu. Gaur, bere erabakia publikoki azaldu behar duen unean, ikasle bat (60 urte) agertuko zaio ezustean. Aspaldiko kontuak argitzera dator.

Horixe, “Kortxoaren dilema”-ren, Tartean Teatroaren ekoizpen berriaren, sinopsia. Endredozko thriller politikoa ondu du Bilboko antzerki konpainiak. Patxo Telleriak idatzia, Telleriak berak eta Mikel Martinezek antzeztuko dute Mireia Gabilondok zuzendutako etikari, koherentziari, traizioei eta mendekuei buruzko joko teatrala.

Gaur ikusiko du argia proiektuak Bilboko Arriaga antzokian, 19.30ean. Bihar bigarren emanaldia eskainiko da ordu berean. Eta hortik aurrera Euskal Herriko makina bat agertoki zapalduko dituzte martxora bitartean.

KOMEDIA POLITIKOA

Bi aktoreentzat espazioa eta denbora unitate bakarrean gauzatzen da. «Obrak sakontasun handiko konflikto politikoak eta dilema etikoak baliatzen ditu, baina ez da drama bat, baizik eta komedia politikoa. Zergatik eta bere egituragatik. Antzezlan hau endredozko komedia bihurtzen da trama eroa duelako. Etengabe irteten dira ustekabeko untxiak txisteratik. Ustekabeok egoera bakoitzaren norabidea errotik aldatzen dute, pertsonaiak eta ondorioz ikusleak ere ezustean harrapatuz. Ezer ez da hasiera batean ematen duena», adierazi zuten atzo Arriaga antzokiko arduradunek. Eta politikoa da, kontzeptuaren alderik intimoenean, pertsonaiak amildegiaren ertzean kokatzen dituelako. «Bizitza bera joka dezakegu, zenbait printzipio politiko mugaraino onartuz gero. ‘Kortxoaren dilema’ etikari, koherentziari, traizioari eta mendekuei buruzko joko teatral bat da».

DUINTASUNA JOKOAN

«Borroka honetan, bizitza galtzen ez duenak duintasuna galduko du. Borroka latz eta nahasia izango da, post-egiaren eta fake-en garai ilun honetan zaila delako bereiztea zer den zinezkoa eta zer faltsua», jarraitu zuten.

Eszenografiaz Fernando Bernues arduratu da. Jantziak Ana Turrillasek diseinatu ditu eta soinu espazioa, Adrian Garcia de los Ojosek. Eszenografia Raul Arraizak eratu du; argiztapena, David Rodriguezek, eta kartelaren diseinua, Paradoxek.