GARA Euskal Herriko egunkaria

Errigoraren 14.000 saski etxeetara, 185.000 euroko ekarpena euskalgintzara

Errigorak 10. urteurreneko kanpaina borobila osatu du: 14.000 saskitik gora iritsiko dira hurrengo egunetan eta Nafarroa erdi eta hegoaldeko euskalgintzari 185.000 euroko ekarpena egingo diote.

Buñuelen, kutxaz betetako kamioiak atzean dituztela, Errigorako komunitatea. (ERRIGORA)

Urriaren 20an udazkeneroko “Nafar hegoaldeko uzta, euskarari puzka” kanpainari hasiera eman zion Errigorak, «10 urte bete-bete ospatzeko gonbidapena» eginez. Eta nola ospatu. 14.000 saskitik gora banatuko dituzte datozen asteotan Euskal Herrian eta horri esker 185.000 euroko ekarpena egin ahalko diote Nafarroako erdialde eta hegoaldeko euskalgintzari, Ager eremuko AEK, Tutera, Lodosa eta Vianako ikastolak eta eskoletako D ereduko lerroak eta Agerraldia bultzatzeko erabiliko dena.

Buñuelen, kutxaz betetako kamioiak atzean, elkartu ziren dozenaka lagun. «Hemen gaude Erriberako euskaltzale, auzolangile eta ekoizleak, zorion eta esker on mezuari aurpegiak gehitzeko», adierazi zuten ohar baten bidez.

HAMAIKA LAN

Aurtengo kanpaina hamaika argazkirekin laburbildu zuten: «Hainbat ikastola, eskola, euskaltegi eta ekoiztetxetan, ondoren kutxetan sartu ditugun esker on postalak idatzi ditugu; Ablitasen, lehenik, eta gero, Durangon, Errigorako ehunka boluntariok kutxak muntatu eta paletetan atondu ditugu auzolanean; Bilboko AEK-ko euskaltegietan Pituxa clown-aren emanaldiak izan ditugu; Zangozako ikastolan eta Lesakako eskolan aurkezpen jaiak, Agerraldiaren eskutik; Tafallan, Gure Zirkua... Eta, batez ere, Errigorako boluntariook, sarekide izendatu ohi ditugunak, dozenak ekimen xume antolatu ditugu herriz herri».

Hori guztia «komunitate hori saretu eta emozionatzen duten balioei» esker egin dela nabarmendu zuten. «Zubigintza: Pertsona, lurralde eta ideia desberdinen bat egitea; Ekintza: Hitzetan baino egiten dugunean aurkitzea sinesgarritasuna; eta Ahalduntzea: Txikitasunetik amets handia eskuratzeko gaitasuna badugula ikustea».