GARA Euskal Herriko egunkaria

Mikel Laboa poliedrikoa

“Mikel Laboa... izan liteke konstelazio, izan gabe izar...” erakusketak ateak ireki ditu Donostiako Okendo kultur etxean, urtarrilaren 27ra arte. Joseba Larratxe ‘Joseviskyk’, Harkaitz Canok eta Unai Iturriagak sortutako “Ni ez naiz Mikel Laboa” komikia du oinarritzat. Baina harago doa Literaktum jaialdiaren egitasmoa. Komikiko material sortaz gain ikus-entzunezkoak, eskulturak, familiak utzitako zenbait dokumentu aurkituko ditu bisitariak.

Harkaitz Cano eta Joseba Larratxe komikiaren egileak, erakundeetako ordezkariekin, atzo. (Jagoba MANTEROLA | FOKU)

Sarreran, argitara emandako diskoen azalak lurrean barreiatuta. Laboaren Jontxu ontzira garamatzate. Bera ere ikus daiteke, hainbatetan egin zuen bezala, arraunean.

Lauzpabost geruzaz osatutako Mikel Laboa aurkituko du bisitariak beste une batean. Erakusketaren mamiaren metafora. Laboa komunikatzailea, ondarearen babeslea, apurtzailea, kultur abangoardien jarraitzailea, zuzeneko saio bakoitzean izu eszenikoari aurre egin behar izan zion kantaria... denek bat egin dute Okendo kultur etxeko geletan. Haren esparru publikoaz gain, Laboa intimoa ere aurkituko du bisitariak. Familiak utzitako dokumentu pribatu batzuk -psikiatra jarduerari lotuak, tartean- bildu dituzte.

Pasaian jaio eta Donostian bizilekua izan zuen artista (1934-2008) irudikatu, gogoratu eta ulertzera garamatzan materiala kontaezina da: kontzertuetako sarrerak, kartelak, argazkiak... Ikusi bakarrik ez, entzun ere egin daiteke Laboa “Komunikazio-inkomunikazio” proiektuaren barruan emandako kontzertu baten bideoari esker. Aipatzekoa, halaber, Joseba Larratxe Joseviskyk berak ondutako ikus-entzunezkoa, Lekeitioko bonbardaketa gogoan.

Sekulako eragina izan zuen gertaera lazgarriak Mikel txikiarengan. Haur garaiak leku nabarmena du erakusketan -Gardatako baserriaren aurrealdearen “erreplika” xumea ere ikus daiteke- .

Pozarren eta hunkituta zegoen atzo Agurtzane, Laboaren alaba. Etxean gordetako argazki eta dokumentuen artean arakatzen aritu dira ama -Marisol Bastida- eta biak, eta Mikel modu berezian oroitzeko balio izan diete biei une horiek. «Esker ona besterik ez dut sentitzen, hain ondo islatu dute erakusketaren arduradunek aitaren izaera eta ibilbidea», adierazi zion GARAri.

Sentipen bertsua dute Harkaitz Canok eta Joseba Larratxe Joseviskyk “Ni ez naiz Mikel Laboa” komikiaren egileek ere. Sortzaileen nahia izaten baita euren proiektuek ahalik eta bizirik luzeena izatea, eta argitalpen mardularekin lortzen ari dira. Larratxek Euskadi Saria eskuratu du ilustrazioengatik, eta justu atzo, erakusketa ireki eta ordu batzuk geroago, jaso zuen garaikurra.

Bospasei espaziotan banatu dute erakusketa. Miren Koro Campos, Koma Zerbitzu Kulturalak enpresako kideak egin ditu Mauro Peñalbarekin batera komisariotza lanak. «Marisol Bastida hemen egon dadin saiatu gara. Izan ere, bera ezagutu zuenean iritsi zen kolorea Laboaren bizitzara», zioen.

ERRONKA

Galtzak bete lan izan dute Laboaren erpin desberdinak bi geletako espazio mugatuan islatu eta biltzeko orduan. «Erronka izan da bere figurara hurbiltzea», aitortu zuen. Laboaren bizitzaren nondik norakoak ezagunak dituztenei eta urrunagotik begiratzen diotenei modu erakargarri bezain interesgarrian aurkeztea lortu dute.

«Komikietako bineten kolorez desberdindu ditugu espazioak», azaldu zuen. “Mila esker”. Bi hitzon bidez esango digu agur Laboak erakusketan, kontzertuei amaiera emateko erabiltzen zuen esaldi berarekin. Aurkezpen ekitaldian izan ziren Amaia Almirall, Okendo Kultur Etxeko zuzendaria, Miren Ibarluzea, EHUko kultura zuzendaria eta Garbiñe Mendizabal, Gipuzkoako Diputazioko hizkuntza berdintasunerako zuzendaria ere. Bi erakundeek Mikel Laboa Katedraren -komikiaren sustatzailea- ardura duten aldetik hitz egin zuten.

Azaroaren 22an komikiaren hiru egileek “Ni komiki bat naiz! Mikel Laboa iruditan” izenburupean solasaldia eskainiko dute. Benetako pertsonaia bat iruditara eramatearen abantailak eta zailtasunak hizpide izango dituzte. Abenduaren 12an, berriz, Larratxek hitzaldia egingo du; zirriborroetatik -Laboaren komikiko zenbait ikusgai daude erakusketan- abiatu eta argia ikustera doan arteko bidearen berri emango du.