GARA Euskal Herriko egunkaria

XIV. mendeko Leitza irudikatu du Garazi Albizuak «Gaizkileen Galtzada» nobela berrian

Gaztelaren eta Nafarroako Erresumaren arteko XIV. mendeko «gaizkileen mugan» gertatzen zena gazteei helarazteko eleberri historikoa da “Gaizkileen Galtzada. Leitzako dorreak”.

Albizua, plazaratu berri duen eleberriarekin. (Jon URBE | FOKU)

Leitzako Iberoko Dorrea Gipuzkoaren eta Nafarroaren arteko mugan dago, garai batean Gaztelako eta Nafarroako Erresumaren arteko muga zena, «gaizkileen muga» zeritzona. Hango gizartearen adierazgarri izan ziren bidelapurrak, ahaide nagusien boterea, basora bidalitako pertsonak eta gosetea bildu ditu Garazi Albizuak Pamielarekin argitaratu berri duen “Gaizkileen Galtzada. Leitzako dorreak” nobelan.

Leitzako Udalak proposatutako proiektua izan da. Atzo egindako aurkezpenean udalaren izenean Mikel Zabaletak azaldu zuenez, mugaren inguruetan XIV. mendeko bizimodua gazteei nola helarazi pentsatzean «egokiena eleberri historiko bat» sortzea iruditu baitzitzaien.

Fikzioa eta historia nahasten ditu Albizuak, baita fikziozko pertsonaiak eta pertsonaia historikoak ere. Azken horretaz baliatu da, hain zuzen, urte «korapilatsu» horiek kontatzeko. «Pertsonaia asko daude, oztopo, gatazka eta ekintza guztiak kontatzeko interesgarriena lekukoak eta pertsonaiak sortzea iruditu zitzaidalako», adierazi zuen idazle santurtziarrak, «irakurleak gertaerak haien begien bidez» uler ditzan.

Hala ere, «protagonista erraldoiak» hiru dorreak dira. Hiru direnez, atal banatan zatitu du narrazioa Albizuak.