NOV. 17 2023 LAU ETA ERDIKO FINALERAKO MATERIAL AUKERAKETA Abstrakzio ariketa erraldoi bat, ahalik eta oldarkorren aritzeko asmoz Lau eta Erdiko aurtengo txapelketak bete ditu bere protokolo guztiak eta, antza denez, materialaren edo Jokin Altunaren sorbaldaren inguruko aitzakiarik ez da egongo. Amezketarra eta Peio Etxeberria gustura agertu ziren saskian aurkitu zuten pilota sortarekin eta gipuzkoarrak argi utzi nahi izan zuen galtzen badu inork ez diola zipitzik entzungo bere minen inguruan. Irribarrez amaitu dute Jokin Altunak eta Peio Etxeberriak final handiaren aurreko azken konpromisoa. (Marisol RAMIREZ | FOKU) Jon ORMAZABAL BILBO Piloten inguruko kexarik gabe, finalen aurreko material aukeraketek gatza galdua zuten aspaldian, baina aurten pilota bizien inguruan izandako komentarioekin eta Jokin Altunak sorbaldan izandako arazoekin, arreta puntu bikoitza izan zen atzo Bilbon -asteburuan Lehen Mailako gizonezkoen futbol jardunaldirik ez egoteak ere jarri zuen bere alea, gutxienez Bizkaia Pilotalekura hurbildu ginen kazetarion kopuruan-. Zorionez, bi kasuetan badirudi denak konforme samar direla eta alde horretatik, behintzat, aitzakiarik gabeko finala izango dela igande honetakoa. Materialari dagokionez, bi finalistak bat etorri ziren aukeratutako lau pilotak «oso antzekoak» direla, «horixkak eta biziak». Zenotzekoak aukeratutako bat agian desberdinagoa da, zuriagoa eta lasaiagoa, «bote gehiago» egiten dutenetakoa, ultzamarraren esanetan, «pixka bat denetarik egoteko eta beste aukera bat izateko». Pisuei dagokienez ere, ezin desberdintasun handirik sumatu, 105,6 eta 105,9 gramokoak dira amezketarrak aukeratutakoak eta eta 105,4 eta 106,2ko pisua eman dute ultzamarrarenek. Saskiarekin inolako arazorik gabe -oso azkar egin zuten aukeraketa-, eguneko beste arreta puntua Jokin Altunaren ezker sorbalda hori nola dagoen jakitea izan zen eta bai amezketarrak, baita nafarrak ere, arreta jokora eraman nahi izan zuten, nolabaiteko abstrakzio ariketa handi bat egin eta euren esku egon daitezkeen gauzetan jardun. Amezketarrak onartu zuen finalerdia jokatu eta lehen astea gogorra izan zela, larunbatean Bilbon izan zela entrenamendu bat egiten eta sentsazioak ez zirela batere onak izan. Asteartean, berriz, Tolosan egindako saioan hobekuntza nabaritu zuen eta «igandean ondo egongo naiz». Gaur beste saiotxo bat egiteko asmoa du Jokin Etxanizen aginduetara. «Nahiz eta hori hor dagoela jakin, egun hauetan sorbaldaz ahazten saiatzen ari naiz», aitortu zuen. «Gogo handia daukat finala jokatzeko; egia esan, oso motibatua sentitzen naiz. Azken asteak ez dira batere errazak izan niretzat eta gogo handia daukat jokatzeko ordua heldu eta kantxara irteteko. Finalerdiaren aurreko egunetan oso-oso urduri egon nintzen, ez nekien-eta inola ere nola egongo nintzen, eta askoz lasaiago nago orain», gaineratu zuen. ALDATU GABE Pentsa zitekeen, aurkariaren ahulgune horien jakitun izanda, Peio Etxeberriak amezketarraren ezker hori bila dezakeela, saketik ez bada, luze jokatuta, min egiteko, baina Zenotzekoak ez omen du ideia hori behin ere buruan izan aste hauetan zehar. «Igandean hemen badago, Jokin arazorik gabe etorriko da, hori pentsatu behar dut, bestela nire kontra etorriko zait. Ez dut zalantzarik arazoa izan duela, baina etortzen bada, Jokin oso on bat izango dut parean», aitortu du Zenotzekoak. Biek argi dute, beraz, Jokin Altuna ez dela bere zortzigarren finalera bere %100ean agertuko. Baina zeinen gertu edo urrun egongo da bere bertsiorik onenetik? «Ez dut nire zein portzentajean etorriko naizen esan nahi. Izan ditut finalaren atarian oso ondo sentitu eta gero partidaren egunean nire maila eman ez dudan egunak, eta espero honetan alderantziz izatea. Une zailak pasa ditudan arren, indartsu sentitzen naiz», azaldu zuen Altuna III.ak. Halako partidetan gorputzak adinako garrantzia izaten du buruak; presioa eramaten jakiteak ere asko balio du. Alde horretatik, pentsa liteke Altunak abantaila izan lezakeela, ez baitu alferrik bere 13. finala jokatuko; Peiorentzat, aldiz, lehena izango da. Ultzamarrak, ordea, momentuz behintzat, oso lasai dirudi eta uneaz gozatzen ari dela dirudi. «Oso lasai nago. Bi aste oso politak izaten ari dira; elkarrizketak... ez nago honetara ohituta, eta nire partetik polita izaten ari da. Eta gero gozatzen ari naiz inguruko jendearekin eta familiarekin, azkenean egun politak dira. Sei urte daramat hemen eta lehen aldia izango da hor nagoena eta momentuz lasai eta gogo handiarekin nago». Zenotzekoak badaki ziurrenik igandean hankek ohi baino pisu handiagoa izango dutela, baina gehiegi ez duela igarriko espero du. FABORITOAREN ZAMA Jokin Altunak ere finalerdietan pisu handia kendu zuen gainetik eta eman dezake beste final batzuetan baino libreago aritu litekeela baina, hala ere, badaezpada, bi finalistek aurkariaren bizkar gainean utzi nahi izan zuten faborito izatearen zama. «Sentsazioengatik eta txapelketan erakutsitako jokoarengatik, Peio da agian faboritoa. Ez dakit dirua nola irtengo den, baina ez diot garrantzi handirik ematen. Badakit aukerak ditudala eta horiei eutsi nahi diet, azkeneraino». «Berak presioa gainetik kendu nahiko du, baina zortzigarren finala du jarraian. Argi dago bera dela berriz ere finalean dagoena eta datuek diote faborito argia bera dela», erantzun zion Peio Etxeberriak, kantxan izan ohi duen abiadura berberarekin. Eta jokoari erreparatuta, horixe izango da, ziurrenik, partidaren giltzetako bat, jokatuko den abiadura, nahiz eta Bizkaia pilotalekua ez izan erritmoa ezartzeko frontoirik egokienetako bat eta tantoak amaitzeko angeluak bilatu beharko dituzten, batak zein besteak. Saketik hasita, kantxaren erdiguneaz jabetu eta pausoa aurrera ematea izango da bi pilotarien helburu nagusietako bat. Alde horretatik, txapelketan sakez tantorik gehien lortu duen Jokin Altuna -batez beste bost tanto sakez- eta errestoan hobekien aritu den Peio Etxeberria -hiru tanto baino ez dizkiote egin lehen pilotakadarekin- izango dira aurrez aurre. «Berak sakea duenean badakit mina egingo didala, lehen aukera duenean pausoa aurrera emango du, bolearekin presionatzera. Gantxoz ere oso ondo ari da eta pilota altxatzen badiot, badakit zer datorkidan. Ez dut askorik altxa behar; bera, nik uste, erosoago sentitzen da airez botera baino, nahiz eta ezkerrez ondo sartzen den azpitik. Oso oldarkorra da, nik aurkari guztiei errespetu handia diet, baina nik nire jokoa egin behar dut eta final honetan, inoiz baino gehiago, oldarkorra izan eta aurrera egiten ez badut, ezinezkoa da finala irabaztea. Buruan ondo sartuta izan behar dut aurrera egin behar dudala eta nire joko guztia atera. Lortzen badut, aukera handiak izango ditut». OLDARKOR, ERRATU GABE Peio Etxeberriak ere argi du bere buruarekiko leial jokatu behar duela, lehen momentutik pausoa aurrera egin behar duela, baina zein pilotetara joan eta zeintzuei itxoin asmatzeak sekulako garrantzia izan dezake, halako joko azkarra egiteko gai badira. «Mugan aritu beharko dugu biok, oldarkor baina prezipitatu gabe. Aurrera egin eta okertzen bazara, ez dago atzera egiterik eta», arrazoitu zuen Etxeberriak. Azken orduko kolpearen zain, giro onak ere ziurtatua dirudi, nahiz eta, momentuz, ezin den betekadarik ziurtatu. Atzo arratsaldeko azken orduan 157 sarrera geratzen ziren saltzeke, bi kenduta beste guztiak, 120 eta 100 euroko kantxak. Atzo zeuden zalantzetako asko uxatuta, badirudi final ederraz gozatzeko aukera izango dugula. Peio Etxeberriak bere frontoiko lan guztiak eginak ditu atzo egindakoarekin, eta gaur Jokin Altunak saio txiki bat egingo du, iganderako sentsaziorik onenen bila. SARRERAKGiro bikaina izango da igandean Bilbon, nahiz eta frontoia beteko den ezin den ziurtatu. Atzo arratsaldean 157 sarrera geratzen ziren saltzeke, bi kenduta beste guztiak 120 eta 100 euro balio duten kantxako eserlekuak. SAKEAKLehen pilotakadak hainbesteko garrantzia izan dezakeen lehian, txapelketan sakez tanto gehien egin duen Jokin Altuna -bost egin ditu batez beste- eta errestoan egokien aritu den Peio Etxeberria -hiru sake baino ez ditu utzi erantzuteke- ariko dira elkarren aurka.