Patxi AIZPITARTE
Caritas Gipuzkoako gotzain-ordezkaria
KOLABORAZIOA

Behartsuei eskuzabalik

Behartsuen Munduko Eguna dugu igandean. Aurtengo goiburua “Ez eman bizkarrik behartsuei” da. Bibliako esaldi bat da, Tobiten liburukoa, Francisco Aita Santuak jakinduriaz betetzat jotzen duena. Baliteke batzuek pentsatzea pobrezia ia gaindituta dagoela gure gizartean, alegia, gero eta pertsona eta etxe gutxiago daudela estu eta larri. Izan ere, txosten batzuek hala diote: euskal biztanleen %92 bizi-maila onean dagoela (%75 nahiko ongizate maila onean eta %17 oso onean) eta %4 besterik ez benetako pobrezia egoeran. Egia da enpresari, profesional, langile eta administrazio nahiz erakunde publikoen hamarkadatako ahalegina zinez erabakigarria izan dela pobreziaren aurkako borrokan eta Europako herrialde aurreratuenen pareko ongizate estandarrak lortzeko. Nolanahi ere, badira ezin bizirik daudenak oraindik, duintasun gabe.

«Hirugarren sektorea» delakoan lan egiten dugunok egunero ikusten ditugu ekonomiak eta gizarteak baztertzen dituzten pertsonak. Nahiz eta gehiengo bat ondo bizi, izen-abizenak dituzten gizabanako dezente dago oraindik ongizatearen mahaitik urruti, kaletik ateratzeko borrokan edo gure gizartean leku bila, lan eske, etxebizitza aurkitu nahian, euren bizitza proiektua aurrera eraman ahal izateko. Magrebeko edo Saharaz hegoaldeko etorkinak dira sarri, etxegabeko gazteak edo kartzelan daudenak, baita emakume ausartak ere, Atlantikoaren beste aldetik etorriak, estutasunak eta ezinak gogortzen dituen helduak.

Eta munduari so egiten badiogu, nabarmen areagotzen da txirotasuna. Horregatik dio Aita Santuak: «Pobrezia-ibai batek zeharkatzen ditu gure hiriak, eta gero eta haziago doa». Hala izanik, pobreziarekiko immunizatu gaitezke «gogobetetasunaren kultura» medio; nolabaiteko «elkartasunaren nekeagatik» eta errukiaren akiduragatik, baita ezkutuan izan dezakegun «aporofobia» dosi batengatik ere. Erlatibotasun birtuala ere ez da lagun ona: behartsuak bat-bateko zirrara eragiten duen irudia bihurtzen dira, kalean hezur-haragizko gizon-emakume horiek ikustean arin-arin igarotzen baikara ondotik, hunkitzeko astirik gabe.

“Fratelli tutti” entziklikan, Franciscok Samariar Onaren ikonoa gogora ekartzen du, hain baliotsua oraindik giza espirituaren onena irudikatzeko. Parabolan argi geratzen da bi eratako pertsonak daudela: besteen egoera eta mina bizkarrean hartzen dutenak eta hor konpon egiten dutenak. Guztioi dei egiten digu Aita Santuak, batez ere kristauoi, arazoei guk geuk hel diezaiegun.

Gipuzkoako Caritasen eta gure Elizbarrutiko sozio-karitatezko pastoraltzan, gizon-emakume ugarik harrera egiten diete egoera prekarioan, pobrezian eta bazterkerian dauden hainbati. Parrokietako boluntarioak dira, eliz-laguntzaileak, diru-emaile eskuzabalak, beren onena ematen duten profesionalak... Ez dute sorospen erara laguntzen, baizik eta harrera eginez, entzunez, ondoan egonez, zerbitzuaren bihotzean pertsonak jarriz eta behar materialei nahiz heziketa eta sustapen alderdiei arreta ipiniz. Aurrerantzean ere beharrezkoa da politikaren, legeen eta administrazioaren konpromisoa, gizarte kohesionatu, integratzaile, berdintzaileetarantz joateko, baina, Aita Santuak dioen bezala, ez du balio herritarrok besoak tolestuta egotea «goian» daudenak egoera konpontzeko zain.

Elkartasuna eta subsidiariotasuna dira Ebanjeliotik isurtzen den mezu sozialaren funtsezko bi oinarriak; hortaz, behartsuek gure gizatasuna ugaritzen dute, gure onena ateratzen baitigute eskuzabalak izatera bultzatzen gaituztenean.