GARA Euskal Herriko egunkaria

Herri eskolaren defentsan, martxa jendetsua egin dute Beskoitzen

Seaskak eta Euskal Herriko Ikastolen Elkarteak egindako deialdiari erantzunez, «Ikastola herri eskola» aldarrikapena lau haizeetara zabaldu dute Lapurdiko Beskoitze herrira etorri diren 2.500 lagunek. Ikastola berria eraikitzeko egitasmoari trabak ezartzen dizkion Fabienne Ayensa auzapezari galdetu diote «elkor egiteari» uzteko.

«Ikaslei harrera duina bermatu arte» lanean segituko dutela adierazi dute ikastoletako arduradunek Beskoitzeko plazan. (Guillaume FAUVEAU)

Beskoitzen 2.500 lagun bildu dira Fabienne Ayensa auzapezari herrian ikastola berria eraikitzeko ezartzen dituen trabak altxa ditzan eskatzeko.

Pilota plazatik abiatu eta herriko karriketan gaindi igaro ondoren, toki berean amaitu den martxa helmugara heldu bezain laster, «mobilizazio arrakastatsua» goraipatu dute ikastoletako arduradunek.

Joaldunek bidea ireki diote manifestazioari. Horren gibelean, Seaskako eta Euskal Herriko Ikastolen lehendakariak bata bestearen ondoan paratu dira, Beskoitzeko ikastolako gurasoak ondoan dituztela. Auzolanean eraman dute «Ikastola, herri eskola» leloa idatzita zuen banderola.

Dozena erdi bat haurrekin 2014. urtean abiatu zen ikastolak eraikin berriaren premia daukala agerian jartzeko jende anitz bildu da, baita «euskararen geroa Beskoitzetik pasatzen dela» oroitarazteko ere.

Aurten 52 ikasle ditu Beskoitze ikastolak. Garapen ederra izan du ikastetxeak. Hori dela eta, duela hamar urte Herriko Etxeak utzitako eremua txiki gelditu da.

Etengabe emendatzen ari zaien eskaerari erantzuteko, ikastolako arduradunek prefabrikatuekin bete behar izan dute kanpoko aldea. Gauzak horrela, jolas tokirik ez dago.

Nehork gutxi uka dezake ikastola berria eraikitzeko premia. Alta, orain dela bi urtetik hona, ikastolako arduradunen eta udal ordezkarien arteko hartu-emanak ez atzera ez aurrera daude. Elkarrizketaren ordez isiltasuna gailendu da.

Beskoitzeko karrikak euskararen aldeko aldarriz bete zituen atzoko mobilizazioaren bezperan, ordea, Herriko Etxeak bere webgunearen bidez ohar bat plazaratu zuen. Hirigintza eta segurtasunaren irizpideak aipatuz, ikastola berria eraikitzeko baimena ukatzeko arrazoiak berretsi zituen tokiko erakundeak, frantsesez soilik idatzitako ohar horretan.

NEGOZIAZIOARI BIDE EMAN.

Hala ere, «giro lasaiago batean elkarrizketak abiatzeko» prestutasuna adierazi zuen udalak, eta, azkeneko esaldi horri helduta, martxa abiatu aitzin «borondate politika badago, oztopo teknikoei irtenbidea xerkatzeko prest», azaldu zen Peio Joraruria Seaskako lehendakaria, GARArekin mintzo.

Pilota plazara bueltan, Beskoitzeko familien lana txalotu zuen Jorajuriak: «Ikastola txikia biziaraztea zaila bada, zer esanik ez Herriko Etxeak trabak jartzen baditu». Ikastolako guraso bik ere hitza hartu zuten, «gure haurrei harrera duina ziurtatu arte» borrokan jarraitzeko nahikeria agerian jarriz.

Martxaren denboran “Hautetsiak ikastolaren alde” leloa astindu zuten, bereziki segizioa Herriko Etxearen parean igaro zenean. Hala, manifestazio bitartean, afixa erakundearen atarian jarrita utzi zuten haurren laguntzaz.

«Euskararen kontrako erasoen aitzinean, elkartasuna da gure indarra» laburbildu zuen, martxaren amaieran, Euskal Herriko Ikastolen Elkarteko buru Nekane Artolak.