Andoni ARABAOLAZA
EKITALDIA

Aniztasunak berezko lekua hartu du Urrezko Pioleta sarietan

Perun, Pakistanen, Nepalen eta Groenlandian iaz eginiko jarduera alpinoak zein eskalada bikainak saritu zituzten Briançon-en. Ibilbidearen aitortza, berriz, George Lowe estatubatuarrak jaso du.

George Lowe (ezkerrean), Jirishancako kanadarrak eta Groenlandiako emakumezko hirukotea.
George Lowe (ezkerrean), Jirishancako kanadarrak eta Groenlandiako emakumezko hirukotea. (PIOLETS D’OR.)

Joan den asteartetik ostegunera, Briançon (Frantzia) alpinismoko munduko hiriburua bihurtu zen. Horretarako aitzakiarik ez zegoen; izan ere, mundu zabalean sona handia duten alpinismoko sariek protagonismoa izan zuten. Frantzian bertan antolatzen diren Urrezko Pioleta sariei buruz ari gatzaizkizue.

Bada, hiru egunez, Alpeetako herri horretan, aitortzak banatzeaz gain, egitarau oso oparoa eta interesgarria izan zuten. Adibidez, proiekzioak eta mahai inguruak zerrenda horretan egon ziren. Duela bost urte Urrezko Pioleta jaso zuten Helias Millerioux eta Fred Degoulet frantziarrek “Nuptse” pelikula eskaini zuten. Haren amaieran, berriz, protagonistek zein hurbildutako ikusleek aukera izan zuten egungo eta etorkizuneko alpinismoaz hausnartzeko. Eztabaida aberats horretan Benjamin Vedrines alpinista frantziarrak ginga jarri zuen. Hau ere goi mailako alpinista dugu.

Beste ekimen batzuk ere antolatu zituzten: Briançongo mendi gidariekin rappel jaitsierak, liburuaren azoka, musika emanaldiak, sariak jaso dituztenekin eskalada saioak…

Baina egitarauan sari banaketa zen izarra. Eta aurtengo ekitaldiak erakutsi du aniztasuna ezarri dela. Horrekin esan nahi dugu Himalaiako eta Karakorumeko mendilerroetan egiten diren igoera alpino ikusgarriez gain, ohikoak ez diren beste mendialde eta hormetan egiten direnek ere berezko lekua hartu dutela. Hain zuzen ere, lau foku izan ditu: Peru, Pakistan, Nepal eta Groenlandia.

“Big list”-etik, hots, zerrenda luzetik lehen garbiketa egin eta gero, azken edizio honetan epaimahaia osatu dutenek ez dute samurra izan behin betiko hautagaiak aukeratzea. Eta azken epaia eman dutenak honakoak izan dira: Lise Billon frantziarra, Ines Papert alemaniarra, Ales Cesen esloveniarra, Martin Elias espainiarra, Genki Narumi japoniarra eta Nikita Balabanov ukrainarra. Denera, hiru urrezko piolet banatu dira, eta laugarren aktibitate batek ohorezko aipamena jaso du. Bide batez, George Lowe alpinista estatubatuarrari ibilbidearen aitortza egin zaio.

Oholtzara lehenak igotzen Alik Berg eta Quentin Roberts kanadarrak izan ziren. Sokada honek saria jaso du Jirishancako (Huayhuash mendilerroa, Peru) hego-ekialdeko espoloia lehen aldiz igotzeagatik. Seimilako horretan zabaldutako bidea: “Reino Hongo” (M7, M5+, 90º, 1.000 m).

Antolatzaileek hedabideei adierazi digutenez, argi dago Himalaiatik at benetako konpromisoa eta abentura badagoela: «Guretzat iaz Andeetan egin ziren goi mailako aktibitateen artean bat ez aukeratzeak ez zuen zentzurik. Kanadar hauek aukeratutako marrak alpinista asko erakarri ditu. Horietako batzuek ekinaldiak egin dituzte, baina den-denak arrakasta lortu gabe etxera itzuli ziren. Berg eta Roberts estilo alpinoan aritu ziren, eta igotako sekzio asko teknikoki iraunkorrak eta zailak ziren. Epaimahaikideek diote kanadarrek eskalatutako bidea, inspiratzailea izateaz gain, gailurrera oso zuzen joaten dela. Bide batez, gaineratu dute Urrezko Pioleta sarien irizpideak ondo bete dituztela: estilo bikaina eta abentura».

GEORGE LOWE

Bigarren sarituak Tim Miller eta Paul Ramsden britainiarrak izan ziren. Bikote honek Nepalen jardun zuen; hain zuzen ere, Jugal Himal izeneko mendigunean Jugal Spire edo Dorje Lhakpa II mendian (6.563 m). Joan den urteko apirilaren 25etik 29ra, orratzaren iparraldeko horman “The Phantom Line” (ED, 1.300 m) sortu zuten.

Antolatzaileek nabarmendu dute Jugal Himalek makina bat mendi dituela Katmandu hiriburutik gertu, baina bisita gutxi jasotzen dituela: «COVID-19aren eraginez, britainiar hauek bi urte etxetik irten gabe egon ziren. Eta hirugarrenean apustu oso handia egin zuten. Onartu behar zaie espedizioak iraun zuen bitartean klimarekin ez zutela zorterik izan. Euria, kazkabarra edo elurra egin zien egunero. Ramsdenek aitortu du inoiz eginiko bide onenetarikoa izan dela orratz horretan zabaldu zutena».

Hirugarren eta azken urrezko pioleta hirukote frantziar batek altxatu zuen. Christophe Ogier, Victor Saucede eta Jerome Sullivan izan dira protagonistak.

Hirukote honek Pakistanera bidaiatu zuen, eta Pumari Chhish East mendiaren (6.850 m) lehen igoera sinatzeko aukera izan zuen. Lehenik eta behin, frantziarrak hegoaldeko horman sartu ziren, eta goi aldean bat egin zuten mendebaldeko ertzarekin. Bost eguneko jarduera izan zen, eta azpimarratu behar da igotako ibilbide guztia rappelatu zutela. “The Crystal Ship” ( 6b, A2, M7, 1.600 m) da irekitako bidea.

Mendialde horretako mendi txikiena da Pumari Chhish East, baina ziur aski teknikoki zailena. 2.007. urtetik, bost ekinaldi izan ditu, eta seigarrenean, iaz, frantziarrak lehenengo igoerarekin egin ziren.

Epaimahaikideek eginiko azterketak dio hirukote horrek igotako bidea oso dotorea dela: «Marra horrek indar handia du, eta baita ziurgabetasuna ere. Pakistanen askatu gabe zegoen korapilo handienetarikoa zen. Zabaldu zuten bidea oso zaila eta desnibel handikoa da. Gainera, sekzio babestuenak aukeratu zituzten. Gailurrean bukatzen den marra zuzena da».

Hiru jarduera saritu horiek beste bati leku egin zioten. Kasu horretan protagonistek ez zuten urrezko pioleta jaso; bai, ordea, ohorezko aipamen bat. Harkaitzean eginiko eskalada bat izan da. Groenlandiara eginiko espedizioa emakumeez osatuta egon zen. Capucine Cotteaux frantziarrak, Caro North suitzarrak eta Nadia Royo espainiarrak Northern Sun Spire hormaren (1.527 m) lehenengo igoera sinatu zuten.

Eskalatzaileok ekialdeko murruan “Sedna” bidea (7b+, A1, 16 luze, 780 m) ireki zuten.

Epaimahaiak eskalatzaile horien lana aitortzeaz gainera, espedizioan parte hartu zuten beste kide guztiak (den-denak neskak) aitortu nahi izan ditu.

La Rochelletik irten ziren belaontzi batean, eta lau aste egin zituzten itsasoan Groenlandiara heldu aurretik. Bidaian izaniko gorabehera ezberdinen kausaz, hamar egun bakarrik izan zituzten eskalatzeko.

Espedizio horren inguruan, epaimahaiak honako balorazioa egin du: «Abentura handi hori emakumeez osatutako talde autonomo batek egin du. Horrez gain, eragindako karbono aztarnak oso txikiak izan ziren. Eredu oso egokia aurrera eraman zuten».

Amaitzeko, alpinista handi batek aukera izan zuen merezitako gorazarre bat jasotzeko. George Lowe estatubatuarra azken ekitaldi honetako ibilbidearen aitortza saria eskuratu zuen.

Loweren curriculumari begiratzen baldin badiogu, ohartuko gara orri batzuk beharko liratekeela den-denak aipatu ahal izateko. Laburbilduta aipatzearren, etxe ondoko mendi teknikoetan, Alaskan eta Himalaian jarduera bikainak egin zituen. Esate baterako: 1974. urtean North Twin-eko iparraldeko horma (Mendi Harritsuak, Kanada), 1977an Foraker mendiaren (Alaska) hegoaldeko murru erraldoia, 1983an Everestek duen Kangshung izeneko hormaren lehenbiziko igoera, eta 1978. urtean Latok I mendian eginiko ekinaldi handia.