GARA
GASTEIZ

«Ezezko biribila» eman dio Euskal Eskola Publikoaren gehiengoak Hezkuntza Legeari

Azaroaren 29an Legebiltzarreko Hezkuntza Batzordeak ontzat eman nahi du Hezkuntza Legearen proiektua, bere onarpenerako bide emateko. Hori dela-eta, Euskal Eskola Publikoaren gehiengoaren ordezkariek Gasteizen atzo egindako bozketa sinboliko batekin «ezezko biribila» eman zioten Hezkuntza Legeari.

Euskal Eskola Publikoaz Harro Topaguneak «erabateko desadostasuna» adierazi zuen lege honen aurka. «Ez dute aintzat hartu sare publikoaren gehiengoa ordezkatzen dugunon proposamen bat ere», esan zuten. Izan ere, onartzear dagoen Hezkuntza legea «gizarteari egiten zaion iruzur handia» dela iritzi zuten. «Babes sozialik gabea eta adostasun eskaseko legea da. Hurrengo hamarkadetarako estrategikoa beharko lukeena ahula da jatorriz», adierazi zuten. Era berean, «hezkuntza komunitatearen parte hartzerik gabe» egin den legea dela salatu zuten, hain zuzen ere, «Eskola Publikoaren kaltetan» egindakoa dela. «Eusko Jaurlaritzak entzungor egin dio, Eskola Publikoaren izenean esandako guztiari», gehitu zuten. Nabarmendu zutenez, «hezkuntza sistemaren pribatizazioan sakontzen duen legea da, sare publikoa eta pribatua berdinduz. Sare pribatuari, inongo baldintzarik bete gabe finantzazioa bermatzen dien bitartean, eskola publikoa bazter uzten du finantzaketa planik ezean». Aldiz, «ez die erantzuten hezkuntza sistemak dituen erronkei, ez du neurri eraginkorrik proposatzen eskola segregazioari aurre egiteko, ezta ghetto bihurtu diren ikastetxeei buelta emateko ere, ez du ikasle guztien euskalduntzea bermatzen eta hizkuntza ereduek indarrean jarraituko dute eta ez du ezer zehazten segregazioaren, euskalduntzearen eta laikotasunaren inguruan, eta zelaia libre uzten du autonomia faltsu baten izenean, ikastetxeen arteko lehia bultzatzeko».

Haien aburuz, «soilik itunpeko sarearen interesei erantzuten dien legea» da, eta «sare pribatura bideratzen ditu ikasle guztiei kalitatezko hezkuntza bermatzeko eskola publikoak behar dituen baliabideak».