Josu JIMENEZ MAIA
Idazlea
KOLABORAZIOA

Galdetzen badidazu neska hori nor den...

Salma du izena eta ez, ez da palestinarra, sahararra baizik. Egia da azken hilabetean Palestinari begira bizi dela, begi bat han eta bestea Saharan. Bera Saharako errefuxiatuen kanpamentuetan dago egunotan senideekin, eta ni ez naiz nor Saharako gizon-emakume, agure-atso eta haurren oinazeaz hitz egiteko. Baina galdetu didazunez gero ea neska hori nor den, bera, hain zuzen ere, bai egokia dela Saharako herriaren berri emateko.

1976an marokoarrek euren etxeetatik egotzi eta fosforo zuriz bonbardatu zituzten ihesi zihoazela Saharako basamortuaren alderik latzenerantz, Hamadarantz, gaur Israelgo soldaduek Gaza bonbardatzen duten gisan palestinarrak Sinai-ko desertura bidali nahian. Salma horregatik jaio zen Aaiungo errefuxiatuen eremuan, bertan du sorlekua eta etxea, eta han bizi dira sahararrak nazioarteko komunitatearen axolagabekeriara eta ahanzturaren torturara kondenatuta.

Ez naiz nor zuri esateko zer galdetu behar diozun Salmari, baina galdetzen badiozu, agian Salmak konta diezazuke Mendebaldeko Sahara aberatsa dela, eta ez lurren balio izugarria, ezta bere itsasoen aberastasuna ere, ezin direla konparatu sahararren bihotzean datzan kemenarekin, adore itzalezina eta harro agertzeko modukoa.

Ez naiz nor zu konbentzitzeko sahararren borrokaren zilegitasunaz; galdetu Salmari, eta erranen dizu Nazio Batuen Erakundeak sahararren autodeterminazio eskubidea berretsi duela behin eta berriz, baita bozketa egiteko aukera aitortu ere; baina Marokok ukatu du, eta jarraitzen du ukatzen. Ukazio hori, berez, Marokoren aitorpen bat da: bozka emateko eskubidea ukaturik, Marokok aitortzen du herri oso bat, Mendebaldeko Sahara, lapurtu duela. Hartara, sahararrak atzerrira joan edo errefuxiatuen kanpamentuetara bizitzera kondenatuta daude, etengabeko herrimin eta etengabeko larritasun zigorra jasotzera zigortuta. Bera Salma da, gazte saharar adoretsua, Tindufeko kanpamentuetan jaioa, eta Bubisher proiektuan bidelagun izatea Saharako Kabiak elkartean, bizitza-lezio anitz jasotzeko abagunea ematen duena, eta ohorea da niretzat.

Azken hilabete honetan Salmak, begi bat Palestinan eta bestea Saharan, jarraitzen du Al Jazeera telebista katearen bidez heltzen zaizkion Gazako irudi lazgarriei beha. Berak badaki Mendebaldeko Sahara eta Polisariok askatutako zonaldea erdibitzen duen harresia Israelen laguntzarekin eraiki zuela Marokok. Azken hiru urteotan berpiztu den Marokoren eta Polisarioaren arteko borrokan, Israelek Marokori droneak saldu dizkio, eta horietako batek lau saharar hil berri ditu duela gutxi...