GARA Euskal Herriko egunkaria

1.600 pertsonek parte hartu zuten Bizilagunak proiektuan


Bizilagunak proiektuak bultzatuta, atzo 1.600 pertsona bildu ziren bazkarien buelta. Sos Arrazakeriak antolatutako ekimenaren xedea mahaia eta bizipenak elkarbanatuz aurreiritzi, estereotipo eta gorroto diskurtsoei aurre egitea da. Atzo 100 bazkari antolatu zituzten. Urtero errepikatzen den ekimena da hau.

Bertako familia bat eta errefuxiatua edo migratzailea den beste bat elkartu ziren bazkarietan. Antolatzaileen arabera, «elkar ezagutzearekin batera beldur, estereotipo eta aurreiritziei aurre egiteko» aukera sortzen da, «denon arteko bizikidetza aberastuz».

Araban 37 bazkari egin ziren Gasteizen, Amurrion, Artziniegan, Asparrenan, Agurainen, Kanpezun, Langraizen, Laudion, Urkabustaizen, Oionen eta Bastidan. Bizkaian 9 bazkari egin ziren Bilbon, eta bi herri bazkari Getxon.

Gipuzkoan egin ziren bazkari gehien, 51 otordu, hain zuzen ere, Donostian, Errenterian, Hernanin, Lasarten, Irunen, Hondarribian, Astigarragan, Urnietan, Arrasaten, Bergaran, Zubietan, Ordizian eta Tolosaldeko beste zenbait herritan.

FORMATU EZBERDINAK

Bestalde, bai Hernanin eta bai Errenterian, aperitibo kolektibo bat egin zuten proiektuan parte hartu nahi zuten norbanako guztiekin, «ekimenaren eragin komunitarioa ezagutu eta dimentsionatu ahal izateko». Errenterian, horrez gain, egitarau zabala antolatu zuten atzoko egunerako: zuzeneko musika, bertsoak eta SOS Arrazakeria Gipuzkoa taldeko etxeko langileek egiten duten antzerkia.

Antolatzaileek azaldu zutenez, helburua da bi aldeak hurbiltzea elkar hobeto ezagutu dezaten eta «batzuek besteekiko izan ditzaketen aurreiritziak eta beldurrak desmunta ditzaten». Aurten «Mahai istorioak» erabili dute lelotzat, eta 30 nazionalitatetako 200 familia batu dira ekimenean.