GARA Euskal Herriko egunkaria

Emakumeen zapalkuntzaz pentsarazi nahi du Meabek «Itzulerak»-ekin

Miren Agur Meabek argitaratu berri duen ‘‘Itzulerak’’ nobelak emakumeek historian zehar jasan duten zapalkuntzaz pentsaraztea du helburu, baita gaur egungo baliabideen erabileraz hausnartzea ere. Horretarako, egungo Katalin nerabea eta Martija de Jauregi XVI. mendeko sendalari nafarra protagonista dituen istorioaz baliatu da. Gazteei zuzendutako liburua da, eta gaztelaniara itzultzeko asmoa dauka autoreak.

«Itzulerak» eleberri berria aurkeztu zuen atzo Miren Agur Meabek. (Maialen ANDRES | FOKU)

‘‘Itzulerak’’ gazteei zuzendutako nobelak XXI. eta XVI. mendeak nahasten ditu, Martija de Jauregi 1582an Nafarroatik desterratua izan zen sendalaria ardatz duela, gaur egunean bizi den Katalin nerabearekin duen harremanaren bitartez.

Atzo aurkeztutako liburua gazteei zuzenduta dago, baina Antxiñe Mendizabal Elkar-eko editoreak uste du, ezaugarri horretan arreta jarriz gero, «irakurle askok aukera galduko» dutela «istorio eder» hau irakurtzeko.

Ama Miriamekin eta anaia Gontzalekin Garraitzetara iritsi berri den Katalin da protagonista, 17 urteko neska bat. Aitonarena izandako Haize-Begi etxe zaharrera iritsi berriak dira, han ostatu bat irekitzeko asmoarekin. Iritsi bezain laster, haurtxo bat aurkitzen dute etxe barruan, oraindik ez dakitelako denborak eta lekuak gurutzatzen diren pasagune bat dagoela.

Horren bidez egingo du Katalinek laurehun urte atzera eta garai hartako lekuko izango da, Martija de Jauregi emaginari esker. Sineskeriek, herri jakituriak eta mitologiak gidatzen dute istorioa, editoreak «ibilbide» gisa definitu duena. Bertan bortizkeriak, iruzurrak, samurtasunak, ausardiak eta amodioak beraien tokia daukate.

Zortzi ataletan banatuta dago nobela. Eta horietan sinbologia oinarrizko lanabes izan du autoreak, batik bat haizea eta denbora.

Honetatik dator “Itzulerak’ izenburua, historian atzera eta aurrera egiten diren bidaietatik, joan-etorrietatik.

Eleberria egiteko prozesuan ere itzulerarik izan dela onartu zuen atzo idazle lekeitiarrak. Azaldu zuenez, Martija de Jauregi aukeratu zuen, bere aitona Lekeition medikua izan zela jakin zuenean. Horren ostean etorri zen lan dokumental sakona nabarmendu zuen Miren Agur Meabek aurkezpenean.

Zientzia fikzioa lagun, anbiguotasunarekin jolastu du autoreak, pertsonaiez josita dagoen istorioa ontzeko. Martija de Jauregiren senarra izandako Pedro Laborda bentazaina da ‘‘Itzulerak’’-en; basoaren baliabideetatik bizi den emakume bat dago eta emakumezko Nostradamus bat ere ageri da, Antia izenekoa, igarlea.

«IDATZI BEHAR NUEN»

Martija de Jauregiri buruz «oso gutxi» dakigula deitoratu zuen atzo Miren Agur Meabek, eta liburu honen beste helburuetako bat haren irudia «balioestea» dela argi utzi zuen. Liburua idatzi eta gero Uharte-Arakilera joan zenean, Martija de Jauregi bizi izan zen tokia, pertsonaia historikoarekiko hurbilpen handiagoa sentitu zuen, bereziki sendalarian oinarritutako erraldoiaren panpina ikusi zuenean, «gutxitan gertatu zaidan transzendentzia».

«Ez dakit irakurle asko izango dituen, baina liburu hau idatzi behar nuen», adierazi zuen Miren Agur Meabek, nobela idatzi bitartean eta ondoren ere istorioarekin izandako harreman estua nabarmenduz.

Historiako garai honi buruz gazteentzat gutxi idatzi dela esan zuen, eta gaztelaniara itzultzeko asmoa duela iragarri zuen.