GARA
TXIRRINDULARITZA

EH Bilduk dio oinarrizko txirrindularitza sustatzeko «borondaterik» ez dagoela

Gasteizko Legebiltzarrean oinarrizko txirrindularitza sustatzeko borondate faltari buruzko eztabaida egin da, EH Bilduk bultzatuta. Erkorekak esan du «kirola sustatzea eta segurtasuna bermatzea gauza desberdinak» direla.

Josu Erkoreka Segurtasuneko Sailburua, atzoko Legebiltzarreko Batzordean.
Josu Erkoreka Segurtasuneko Sailburua, atzoko Legebiltzarreko Batzordean. (EUSKO LEGEBILTZARRA)

Gasteizko Legebiltzarreko Kultura, Euskara eta Kirol Batzordean, EH Bilduk oinarrizko txirrindularitza sustatzeko borondate faltari buruzko eztabaida ekarri zuen atzo, «azaltzearren zergatik Jaurlaritzak ez duen borondaterik oinarrizko txirrindularitzan lasterketak antolatzeko dauden arazoak gainditzeko eta konpontzeko». Josu Erkoreka Gobernuko lehendakariordeari eta Segurtasuneko Sailburuari galdera hori egin zion Rebeka Ubera EH Bilduko legebiltzarkideak.

Jarduera fisikoko eta kiroleko arduradun Gorka Iturriagak ere azalpenak eman zituen, Trafikoko zuzendari Estibaliz Olabarriarekin batera.

Uberak adierazi zuen Lakuako Gobernuak «ez duela borondaterik erakutsi» oinarrizko txirrindularitza sustatzeko. Izan ere, joan den ekainean Gasteizko Legebiltzarra adostasun batera iritsi zen oinarrizko txirrindularitza lasterketetan segurtasuna bermatzeko mahai bat osatzeko. Araba, Gipuzkoa eta Bizkaiko txirrindularitza federazioekin elkarlanean aritzeko eta adosteko, hitzartu zuten zein diren klubek dituzten beharrak oinarrizko lasterketak antolatzeko orduan eta zein diren bermatu behar zaizkien baliabideak proba horiek segurtasunez egin ahal izateko.

KOSTUA «HANDITU»

Ubedaren esanetan, «mahai horren ekimen faltak bultzatuta», «borondate falta izatea» egotzi zion Erkorekari. Lehenik, Segurtasun sailburuak adierazi zuen «bere sailaren egitekoa ez dela hori, errepideak erabiltzen dituzten kirolari guzti-guztien segurtasuna bermatzea baizik. Kirola sustatzea eta segurtasuna bermatzea gauza desberdinak dira». Horrez gain, Erkorekak nabarmendu zuen irizpide teknikoaren arabera, «gauza bat segurua da edo ez da segurua», eta irizpide politikoa «aldatu daitekeen moduan, teknikoa ezin da aldatu». Alegia, segurtasuna bermatuta ez dagoen kasuetan, zenbait irizpide teknikori jarraikiz, ezin da lasterketa bat antolatu.

Bide beretik, Jarduera fisikoko eta kiroleko arduradunak esan zuen udaberrian gertatutakoa, zenbait lasterketa bertan behera geratu zirela-eta, bakarrik lau lasterketetan gertatu zela, eta arazoa bakarrik horietan egon zela. «Segurtasunean oinarritzen diren baldintzak ez dira negoziatzen, arau horiek errespetatu egin behar dira». Haren esanetan, Aiztondoko Klasikak izan zuen oihartzunik handiena hedabideetan, «moto bidezko lotura eta bolondres nahikoa ez zeudelako».

«Lasterketen kostua handitu da, antolatzaileen errelebo falta agerikoa da, moto bidezko lotura egingo duten bolondresen falta ere bai...», adierazi zuen Iturriagak, eta gaineratu, hori horrela izatearen «eskumena beraiena ez den arren», elkarlanean ari direla federazioekin eta aldundiekin, «arazoari irtenbidea emateko asmoz». Egutegia berrikusi behar dela ere aipatu zuen Iturriagak, eta isilpean izan bada ere, azken hilabeteotan zenbait eragilerekin bilerak egin dituela berretsi zuen.

HALA MODUZKOAK

Erkorekak eta Iturriagak azaldutakoari erantzunez, Uberak esan zuen Bizkaian lasterketa batzuk aste barruan egin zirela, eta Gipuzkoan, aldiz, ez; eta galdegin zuen zergatik ote den, edo zer irizpideren arabera hartu den erabaki hori: «UCI mailan ez dago arazorik lasterketak aste barruan antolatzeko. Dirua da zuen irizpidea, eta hori ez da irizpide tekniko bat».

Haren ustez, ibilbideak diseinatzen dira «zenbait eragileren parte hartzerik gabe», eta horrelako jardueretan ezin dira «hala moduzko» irizpideak hartu. «Bolondresak bilatzea kostatu egiten da, eta gero erakundeetatik ez badago babes bat edo elkarlan bat, zaila da».

Moto bidezko lotura egiteko irizpideak aldatu direnean -lehen bidegurutzeetan bakarrik egon behar zuten, eta orain leku gehiagotan-, «erakundeetatik laguntza eta bitartekaritza gehiago bultzatu behar litzateke. Hausnarketa behar da, eta segurtasuna ez da erabili behar aitzakia bezala», ohar egin zuen Uberak.

Horri erantzunez, Erkorekak esan zuen leku batean asteko egunetan lasterketarik ez egiteak ez duela esan nahi leku guztietarako irizpide berberak erabili behar direnik, leku bakoitza diferentea baita: «Baldintza berdinak ematen dira leku batean eta bestean? Ez».

Aldi berean, Iturriagak azaldu zuen, legez besteko proposamena onartu aurretik, bilera asko egin dituztela eragile guztiekin, eta haietan Gipuzkoako eta Bizkaiko Foru Aldundiko ordezkariak izan zirela -ezin izan zuen Arabakoak-, Euskadiko Federazioko presidentea, Arabakoa, Bizkaiko txirrindularitzako presidentea, Gipuzkoako Federazioko presidentea eta zuzendari teknikoa. «Izapidetze horretan lau-bost lasterketetan zegoen arazoa, Bizkaikoek eta Arabakoek ez zuten arazorik izan. Bolondresena, errelebo falta... ez da nire eskumenekoa. Gure eginbeharra da lankidetza sustatzea. Zuhurtasun puntu bat ezarri behar diogu gaiari», adierazi zuen Iturriagak.