GARA Euskal Herriko egunkaria

Elikagai bankuek elkartasuna eskatzen diote jendarteari, premia bereziko une honetan

Elikagai bankuek supermerkatuetan egingo duten bilketa handian parte hartzera animatu dituzte herritarrak. Elkartasunerako deia egin dute, inflazioaren ondorioz beharrak nabarmen gora egin baitu.

Nafarroako Elikagai Bankuaren bilketaren aurkezpena, atzo. (BAN | EUROPA PRESS)

Datozen ostiral eta larunbatean, hilaren 24 eta 25ean, elikagai bankuek abian jarriko duten bilketa handia azken hamarkadako garrantzitsuenetakoa da, inflazio handiko egungo testuingurua dela-eta. «Prezioen igoera handiaren ondorioz gaur egun dagoen egoera zailak inoiz baino beharrezkoago egiten du ekitaldi solidario hau», esan zuen atzo Nafarroako Elikagaien Bankua Fundazioak, «dohaintzen premia handia baitu».

Nafarroan 25.500 pertsona inguru artatzen ditu elikagai bankuak, iaz baino 1.000 inguru gehiago. Ekarpen gutxiago jaso dutenez, onuradunei emandako elikagai kantitatea ere murriztu behar izan dute: «Iazko irailean, hilean 13,59 kilogramo ematen genituen pertsona bakoitzeko, eta orain 11,35 kilo dira; hau da, %16,47 gutxiago», azaldu zuten.

Bizkaikoak ere behar berezia du, biltegiak «ia hutsik» baititu. 2022an inoiz baino donazio gehiago jaso arren, inflazioaren eraginez herrialde horretan ere murriztu egin behar izan dute onuradunei ematen dieten oinarrizko dieta.

Bizkaiko bankuak 20.700 pertsona artatzen ditu, premia duten 8.000 familiatakoei. Horietatik 4.000 inguru adin txikikoak dira, eta horietatik 540 bularreko haurrak dira.

Bestalde, Arabako Elikagaien Bankuak 25. urteurrena ospatu zuen atzo. 1998an boluntario talde bat «gosearen injustizia erradikalaren» eta elikagaiak xahutzeak dakarren «aberrazioaren» aurka borrokatzeko enpresa, supermerkatu eta dendetako soberakinak biltzen hasi zela gogoratu zuten. Gaur egun 1.396 familia artatzen ditu; 3.624 heldu eta 129 haur; eta beste 362 pertsonari jantokietan jaten ematen diete.

Gipuzkoako bankuak, bestalde, 2.532.510 kilo bildu ditu azarora arte, baina hiru milioi baino gehiago jasotzea espero du laguntza hori behar duten 20.345 pertsonei emateko.