GARA
BILBO

Gidabaimenak euskaraz ateratzeko materiala prestatu dute

EAEko Autoeskolen Federazioak gidabaimenak euskaraz ateratzeko materiala prestatu du, Lakuako Gobernuaren babesarekin. Atzo egin zuten aurkezpenean, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu Bingen Zupiriak eta EAEko Autoeskolen Federazioko presidenteorde Pedro Davilak azaldu zuten autobus eta kamioietarako gidabaimenetarako materiala laster prest izango dutela.

Davilak «aspaldiko irrika» bat azkenean egia bihurtzea ahalbidetu duten hiru alderdiak nabarmendu zituen: «Bata, Hizkuntza Politikaren konpromisoa; bestea, lantalde fidagarria osatu izana; eta, azkenik, Euskadiko autoeskolen eta Euskadiko Autoeskolen Federazioaren konpromisoa».

Lankidetza honekin gidabaimena lortzeko azterketa euskaraz prestatzeko ohitura bultzatu nahi dute, batik bat gazteen artean. Horretarako, prozesu «entretenigarri, dinamiko eta berritzailea» diseinatu dute. Guztira 4 eskuliburu prestatu dituzte, bai paperean, baita online formatuan ere. B baimenaren kasuan bi eskuliburu egin dituzte, bat laburtua paperean inprimatuko dena eta bestea osoa, informazio osatuagoa jasotzen duena online formatuan.