GARA Euskal Herriko egunkaria

Apartekotasuna (III)


Palestinari eta palestinarrei dagokienez, Alemaniak Shoah-ri eta Israeli aitorturiko apartekotasunak ondorio hilgarriak ditu. Modu sinplean esanda, ez batak ez besteek ez dute existitzeko eskubiderik. Bestela adieraztea alemaniar psikean hertsiki loturik dauden juduen sufrimendua eta Israel ukatzearen parekoa da; funtsean, antisemitismoa aldarrikatzea da. Palestinarren zein haien alde mintzo direnak zentsuratzea eta isilaraztea, hain zuzen, antisemitismoa eragozteko neurri gisa aurkezten du alemaniar estatuak.

Bizirik zein hilik, palestinar gorputzak zein gorpuak irakurtezinak dira Alemaniarentzat.

Hamasen urriaren 7ko erasoaren ostean, Israelek Gazan gaizkoaturiko sarraskia salatzeko eta palestinarren bizitzak defenditzeko, Shoah-ren ostean zabalduriko “inoiz ez gehiago” leloari heldu diote hainbat elkartek eta herritarrek, horien artean sionismoa arbuiatu eta Israelgo estatuarekin kritiko diren judu alemaniarrek. “Inoiz ez gehiago” leloak zehazki zer esan nahi duen eta nor den edo izan daitekeen haren subjektu, horra arazoaren isla eta muina. Alemaniako memoria kulturaren arabera, “inoiz ez gehiago” leloak juduen eta hedaduraz Israelen ongizatea bermatzeko konpromisoa adierazten du, erasotzailea Israel bera denean ere. Baina, jakina, logika honen arabera, erasorik ez da, soilik defentsa.