GARA Euskal Herriko egunkaria

Hondarribiko Udalak UEMAko kide izatea erabaki du; 104.a da


Azaroko osoko bilkura egin zuen ostegunean Hondarribiko Udalak eta gaien artean zuen Udalerri Euskaldunen Mankomunitateko (UEMA) kide izateko eskaera onartzea. Erabakiaren alde egin zuten Abotsanitz (7) eta EH Bilduko (2) zinegotziek; EAJko 6 zinegotziak abstenitu egin ziren, eta PSEko bi zinegotziek erabakiaren aurka bozkatu zuten. Horrenbestez, gehiengoz, Udalak UEMAko kide izatea onartu zuen.

Hondarribiak 16.904 biztanle ditu eta euskaldunen indizea %72,8koa da. Nolanahi ere, mugakide dituen Irun eta Hendaiarekin batera 90.000 biztanleko metropoli-eremua osatzen du Txingudin, eta hor erdaren eragina nabarmena da.

104. UDALERRIA

UEMAk prentsa ohar batean azaldu zuenez, azken datu soziolinguistikoen arabera, udalerri euskaldunen lurgunera gehitzen ari diren hainbat udalerriren tipologian bete-betean sartzen da Hondarribia: euskararen ezagutza handitu denez euskaldunen indizeak ere gora egin du, eta hori %70etik gorakoa denez udalerri euskaldunen multzoan dago orain. «Baina euskara dakiten herritarren zati handi batentzat euskara ez da ohiko lehen hizkuntza, eta horrek gero eragin handia du erabileran eta hizkuntza ohituretan, bai etxean eta baita kalean ere».

Beraz, UEMAko udalerri bihurtuko da Hondarribia, 104.a zehazki.