MARTXELO DIAZ
IRUÑEA

Anaitasuna bertsoz beteko du Nafarroako finalak abenduaren 2an

Iruñeko Anaitasuna kiroldegiak jasoko du abenduaren 2an Nafarroako Bertsolari Txapelketako finala. Antolatzaileek esan dutenez, 2.000 ikusletik gora espero dituzte, Nafarroan bertsolaritzak duen egoera osasuntsuaren isla dela nabarmenduz. Hauek dira zortzi finalistak: Eneko Lazkoz, Joanes Illarregi, Josu Sanjurjo, Julio Soto, Saats Karasatorre, Saioa Alkaiza, Sarai Robles eta Xabat Illarregi.

Zortzi finalistak, atzo, Anaitasuna kiroldegiko harmailetan.
Zortzi finalistak, atzo, Anaitasuna kiroldegiko harmailetan. (Jagoba MANTEROLA | FOKU)

Aurtengo Nafarroako Bertsolari Txapelketako finalak abenduaren 2an (17.00etatik aurrera) Iruñeko Anaitasuna kiroldegia bertsoz betetzea izango du helburu. Txapelketa urriaren 7a abiatu zen Iruritan (Baztan) eta, ondoren, Vianan, Uharten, Leitzan, Altsasun, Agoitzen eta Lesakan izan dira kanporaketak.

Hauek izango dira zortzi finalistak: Eneko Lazkoz (Etxarri Aranatz, 1983), Joanes Illarregi (Leitza, 1999), Josu Sanjurjo (Lesaka, 1993), Julio Soto (Iruñea, 1987), Saats Karasatorre (Etxarri Aranatz, 1992), Saioa Alkaiza (Iruñea, 1991), Sarai Robles (Barañain, 1996) eta Xabat Illarregi (Leitza, 2001).

«Bi hilabetez, Nafarroako eskualde ezberdinak zeharkatu ditu txapelketak, bertsogintza hona eta hara hedatuz, eta harekin batera euskara eta euskarazko kultur sorkuntza herrialdean barna zabalduz. Bide horretan, 1.700 lagunek baino gehiagok egin dute momentuz bat txapelketarekin. Horiei gehitu beharko zaizkie finalerako espero ditugun entzuleak, 2.000 baino gehiago izango direnak», adierazi zuen Nafarroako Bertsozale Elkarteko presidente Nere Bruñok egin zuen aurkezpenean.

Ibilbide honetan Nafarroako bertsolaritza osasuntsu eta askotariko agertu dela nabarmendu zuen Bruñok, zortzi finalisten argazkiak ere hori islatzen duela gaineratuz. Orain bi urte bi finalista berri izan ziren; orain, berriz, beste bi daude. «Hori, zalantzarik gabe, bertsolaritzaren transmisioan etengabe egindako lanaren fruitua da, eta poztekoa da, katea ez delako eten», esan zuen.

ESKUALDE ANITZETATIK

Lurraldetasunari dagokionez ere, azken urteotako argazkirik zabalena dela gaineratu zuen. Izan ere, Nafarroako eskualde desberdinetakoak dira zortzi finalistak. Horretan ere bertsolaritza Nafarroa osora hedatzeko azken urteotan egindako lana ikusten dela azpimarratu zuen Nafarroako Bertsozale Elkarteko presidenteak.

Parekidetasunari buruz mintzatzean ez ziren hain baikor agertu. Bi finalista soilik dira emakumeak. «Hau izango da, dudarik gabe, hurrengo urteetako erronka nagusietako bat, txapelketako parte hartzaileen arteko genero-arrakala bultzatzen duten arrazoiak identifikatu eta horiei konponbidea jartze aldera», erantsi zuen Bruñok.

Horrekin batera, txapelketa antolatzeko auzolana eta lankidetza ezinbestekoak izan direla azpimarratu zuen eta horretan aritu diren guztiei eskerrak eman zizkien.

Gauzak horrela, abenduaren 2ko finala Nafarroan euskara hutsez egiten den kultur ekitaldi handienetakoa dela nabarmendu zuen. «Bertsogintzaren eta euskal kulturgintzaren aldeko festa handia jasoko du Anaitasunak. Denontzako gozagarria izatea desio dugu», esan zuen.

Bi atal izango ditu finalak. Lehen atala zortzi bertsolariek jokatuko dute. Bigarren atalera, aldiz, lehen atalean puntuaziorik altuena lortzen dutenak igaroko dira, eta horiek jokatuko dute buruz burukoa. Bi atalak batuta puntuaziorik altuena lortzen duen bertsolariak jantziko du txapela.

Finaleko sarrerak www.bertsosareak.eus webgunean eskuratu daitezke. Hogei euroko prezioa dute sarrera arruntek; 17 eurokoa, Bertsozale Elkarteko bazkideentzat; eta 15 eurokoa, 18 urtetik beherakoentzat. Finalaren egunean bertan Anaitasunako leihatiletan ere erosi ahalko dira.