GARA Euskal Herriko egunkaria
PILOTA

Jaka-Mariezkurrena faboritotzat jotzen dituztenei arrazoi emanez hasi dira

Binakako Txapelketa irabazteko faboritoen artean daude Baikokoak, askoren ustez, eta halaxe erakutsi dute lehen jardunaldian Larrazabal-Arangureni 22-7 gailenduta. Mariezkurrenak agindu du atzean eta Jakak 13 errematerekin baliatu du nagusitasun hori.

Erik Jaka, jendearen erantzuna eskertzen. (Gorka RUBIO | FOKU)

Binakako Txapelketan parte hartuko duten bikoteen berri eman zen une beretik, asko dira Jaka eta Mariezkurrena txapela janzteko faboritotzat jotzen dituzten zaleak. Eta lehiaketan jokatutako lehen partidak argi erakutsi zuen pronostiko horiek badutela funtsa. Lizartzako aurrelaria eta Berriozarreko atzelaria bikain aritu ziren Aizarnazabalen eta 22-7 menderatu zituzten Larrazabal eta Aranguren.

Unai Laso, aldiz, kexu agertu zen sei hilabete min hartuta egon ostean atzean laguntza gehiago merezi zuela esanez, are gehiago txapelketako lehen jardunaldietan ordezko bat beharko zuela jakinda. Eta kezka hori ere arrazoizkoa dela ikusi zen atzo, Larrazabal bere ordezkoa eta Aranguren ez zirelako gai izan enpresako bikote indartsuenari aurre egiteko. Ikusi egin beharko da Laso garaiz itzultzen den eta zer mailatan berragertzen den.

Atzo, eta hasieran zalantzaren bat erakutsi arren, batez ere pilotalekuari eta bertan egiten zuen hotzari neurria hartu bitartean, Jon Mariezkurrena berehala nagusitu zen atzeko koadroetan. Aitor Aranguren oso urrun eduki zuen une oro eta errematerako aukera oso garbiak sortu zizkion Erik Jakari. Gipuzkoarrak asko asmatu zuen, gainera, eta jokoan 13 tanto eginez berehala apurtu zuten neurketa.

Ezin zaie ezer aurpegiratu Larrazabal eta Arangureni. Aurrelari gaztea gogotik saiatu zen aurrean tantoak nahasten edo erritmoa pilotakada bortitzekin aldatzen, baina ezinezkoa egin zitzaion helburua lortzea. Aranguren, bestetik, oso serio aritu zen defentsa lanean, nahiz eta horrela jokatuta zaila den garaipena lortzeko benetako aukerak izatea.

Hori bai, txalo zaparrada handiena Aginagako atzelariak jaso zuen 11-5ean atzetik bi pilota sinestezin eraman eta gero, bigarrena airez ia errebotetik. Azkenean tantoa urdinen alde erori zen gainera. Ez du kontsolatzeko balioko, baina egindako lanaren meritua onartzea merezi du.