MAITE UBIRIA
MAULE

Harrera elkartearen sostenguz arte erakusketa zabalik dago Maulen

Guztira hogei sortzaileren lanak ikus daitezke abenduaren 4ra bitartean Mauleko Ondarearen Etxean. Biltzen den dirua Harrera elkartearen ekimenak sustatzera bideratuko da.

Diziplina eta estilo anitz aurki daitezke erakusketan.
Diziplina eta estilo anitz aurki daitezke erakusketan. (Sara WITT)

UR Taldea osatzen duten 20 artisten erakusketak ateak zabalik ditu Maulen. «Oso bestelako lan arteak ahal dira atzeman», sustatzaileen esanetan. Bertan ikusgai izanen dira honako artista hauek eskainitako lanak: Gonzalo Etxebarria, Kepa Akixo “Zigor”, Patrick Pierart, Ricardo Pascual “Pitxu”, Xabi Soubelet, Patxi Laskarai, Xabier Celestino, Oiaia Peruarena, Juan Manuel Galarraga, Iker Valle, Bixente Garzia, Christine Giraud, Mattin Partarrieu, Josette D'Acosta, Eliane Heguiaphal, Peio Goello, Jose Luis Elexpe “Pelex”, If Matxikote eta Ttitto Agerre.

Datorren abenduaren 4ra arte dago aukera artelanak bertatik bertara ikusi eta erosteko. Biltzen den dirua Harrera elkartearen ekimenak sustatzera bideratuko da.

Irekitze ekitaldian 70 bat lagun elkartu ziren eta Jean-Louis Labadot Mauleko auzapeza ere bertan zen. Harrerako ordezkari bi izan ziren erakusketan euskal preso eta erbesteratu ohiei sostengua emateko elkarteak egiten duen lanaren berri emateko.

Kartzelatik edota erbestetik heldutako herritarrei lan, etxebizitza edota administrazio desmartxak egiteko orduan borondatezko laguntza eskaintzen die Harrera elkarteak. «Presondegiko edota erbesteko bizipenen ondotik herritar estatusa berreskuratzeko gisan» lan egiten dute pertsona horiekin batera, elkarteko kideek irekitze ekitaldian adierazi zutenez.