IRAITZ MATEO
DONOSTIA

Rafia Zakariaren «Feminismo zuriaren aurka», euskaraz irakurgai

«Feminismo zuriaren aurka» liburua da Eskafandra bildumaren ale berria. Zakariaren lana ekarri du euskarara Amaia Apalauza itzultzaileak. Zer pentsatua emango duela iragarri zuten, eta Euskal Herrian kokaturiko «eztabaida errealak» pizteko bide izan nahi du.

Lorea Agirre, Amaia Apalauza eta Antxiñe Mendizabal, liburu aurkezpenean.
Lorea Agirre, Amaia Apalauza eta Antxiñe Mendizabal, liburu aurkezpenean. (Maialen ANDRES | FOKU)

“Feminismo zuriaren aurka” Rafia Zakaria idazle pakistandarraren liburua euskaratu du Elkar eta Jakinek elkarlanean osaturiko Eskafandra bilduma feministak. Aurkezpenean liburuaren nondik norakoen berri emateaz gainera, eztabaida Euskal Herrian kokatzen ahalegindu ziren Amaia Apalauza itzultzailea eta Lorea Agirre Jakineko ordezkaria, beraien ustez, liburuak, «feminismo zuri hegemonikoa astintzen» baitu.

2021ean argitaratu zen jatorrizko bertsioa, eta ondorioz, gaurkotasunik ez du galdu Eskafandraren zortzigarren aleak. Apalauzak azaldu zuen lan iradokitzailea dela, izenburutik bertatik hasita, eta kritika egiten duen liburua dela aitortu zuen. Agirrek ere egin zituen pare bat ohar azalaren inguruan; Irantzu Pastorrena da argazkia, ‘‘Indiako hijra bat’’ izenburupean aurkeztu zuen Lumineszenteak proiektuan.

Feminismo zuriarena ez dela nahitaez azalaren kolorearekin lotutako kontzeptua azaldu zuen Apalauzak, Zakariaren beraren hitzak hartuz: «Feminista zuria izateko, ez dago zuria izan beharrik. Guztiz posible da zuria eta feminista izanik feminista zuria ez izatea. Feminismo zuria kontzeptuak Mendebaldeko feminismoaren ildo nagusian hedatu diren suposizio eta jokabide jakin batzuk deskribatzen ditu, eta ez bere subjektuen arraza identitatea».

Agirrek pare bat esalditan laburtu zuen liburuaren muina: «Ontologia bat egiten du zer den feminismo zuria, nola den erregimen hori. Erregimen etnozentriko, mendebaldar, liberal, kolonial eta inperialista baten markoan kokatzen den feminismoa da».

KONTZEPTUAK ETA ADIBIDEAK

Liburuan «salbatzaile zuria» edota «feminismo iragazkorra» bezalako kontzeptuak lantzen ditu pakistandarrak. Pentsamendu feminista abila izan ohi da kontzeptualizazio orokorrak adibide lurtarrekin lotzen, eta liburu honetan ere horrelakorik aurkituko duela irakurleak iragarri zuten aurkezpenean. Apalauzak pare bat adibide jarri zuen mahai gainean, feminismo zuriak sortutako jokabideek edota pentsaerek eragindakoak. Itzultzaileak Afganistango gerra ekarri zuen hizpidera. Terrorismoaren aurkako gerra gisa izendatu zen, baina Zakariak «lehen gerra feminista» izan zela defendatzen du, emakume zuriei botere, ikusgaitasun eta parte hartze bat eman zietelako gerra hartan, aurrekoetan ez bezala.

«Emakume zuriei esleitu zitzaien Afganistango emakume gaixoak talibanen erregimenetik salbatzeko zeregina. Nolabait ere hori baliatu zen gerra bera justifikatzeko, ‘emakumeak salbatzera goaz’ aitzakia baliatuta. Tranpa ikusten du hor Zakariak. Afganistango gerra babestea gizonek bultzaturiko egitura kapitalista patriarkal zapaltzaile bat babestea dela dio», adierazi zuen itzultzaileak.

EZTABAIDARAKO BIDE

Liburuan badira oihartzun batzuk eta horiek aipatu zituen Jakineko kideak: ahalduntze kontzeptua, bestetasunaren eraikuntza («emakumea bestetasunaren eraikuntza bada, emakume zuriak ere bestetasuna eraikitzen du; baina nola?», aipatu zuen Agirrek), zeintzuk diren feminismoaren ahots zilegi eta ez zilegiak, begirada koloniala, edota outsider eta insider izatea aldi berean intersekzionalitatearen ikuspegitik.

«Auzia normalizatzeko» aldarri egin zuen Agirrek eta libre hitz egiteko markoak sortzeko beharra dagoela adierazi zuen, Zakariaren hitzekin: «Liburu hau ez da emakume zuriak feminismotik kanporatzeko, ez eta arraza ezberdintasunaren erruz elkar ulertzea ezinezkoa dela pentsatzeko ere, baizik eta emakume guztien askatasun eta ahalduntzea indartzeko eta feministen artean ere justizia egiteko gai izango den mugimendu feminista bat indartzeko eta bere burua feministatzat jotzen duen emakume orok aurki dezan aurreranzko bide bat eta geratzeko arrazoi bat».