Jon GARMENDIA
Idazlea

Sitsa

Ipuin batekin ibili naiz aste honetan, laburregi gelditu zait, eta halakoetan zutabea dut erakusleiho. Ez pentsa gero erreusitzen ez dudan hori hona ekartzen dudanik, e!

Bueno, horra: iluntasunaren iluntasunean, neska misteriotsu bat agertu zen gure herrira. Gaueko xendra ezkutuek erakarri zuten, itzalek piztutako sekretuek. Arima bakartia zen, besteen begiradek berari buruz galdetu nahi zutela jakitun, fokuak saihesten zituen, ilargi printzak liluratutako sitsaren antzera. Badakizue, sitsa, tximeletak ez diren espezie guztiak biltzen dituen taldea.

Kale mortuetan, bazterrik ilunenetan sentitzen zen bizirik, gauak unibertso bat egin ziolako bere neurrira, maskarak erori eta egiak agerian dauden urtegian. Bazekien segurtasuna bere izatearen sakonuneetan zetzala, eta beste guztiak, beste guztia, zalantzaren mapamundi bat zela. Non, bere eskuetan, inorako helmugaren helbiderik ez zeukan. Joaten uzten zen, bazekien esentziarik egiazkoenekin konektatzeko pentsamenduak naski bidelagun zituela; beraz, zertarako kanpoko munduaren itxaropenetara egokitu?

Zerurik behar ez zuen izar iheskor bat zen lurrean, enigmatikoa, baina distiratsua. Urruntasun horrek eraman zuen jendearen ahotan egotera, ordea, iduri balu bezala besteen onespena behar dela berak nahi zuena lortzeko. Askatasunaren bakea ukaitea. Eskubide gisa.