Haritz LARRAÑAGA
DONOSTIA
BODYBOARD

Unax Pascual eta Alex Uranga nagusi, Sopelako txapelketan

Sopelako Arrietara hondartzan egin zen Euskal Bodyboard zirkuituko hirugarren lehiaketan zumaiarrak nagusitu ziren, Uranga kategoria irekian eta Pascual gazteen kategorian. Txapelketa bat falta da itzulia amaitzeko, abenduan Mundakan egingo dena.

Gazteen mailako lau finalistak, sari banaketetan.
Gazteen mailako lau finalistak, sari banaketetan. (EUSKALSURF.COM)

Alex Uranga eta Unax Pascual izan ziren Sopelako Arrietara hondartzan egin ziren Euskalsurf Bodyboard zirkuituko hirugarren probako txapeldunak. Lehena, kategoria irekian; eta bigarrena, gazteen kategorian. Metro bateko olatu politak izan ziren eta maila altua erakutsi zuten kategoria irekian lehiatu ziren 16 lehiakideek zein 18 urtez azpiko lau finalistek.

Orain txapelketa bakarra falta da aurtengo bodyboard itzulia amaitzeko, alegia abenduan Mundakan egingo dena. Guztira zortzi lehiakide izango dira: kategoria irekiko rankingean lehen 7 postuetan geratu diren lehiakideak, gehi Sopelako txapelketaren ostean Sub-18 kategoriako rankingean lehen postuan geratu den lehiakidea, hau da, Unax Pascual gaztea. Denak 2023ko euskal bodyboard txapela eskuratzeko lehiatuko dira.

Txapelketa egun bakar batean egingo da, abenduko lehen hiru asteburuetako batean, horretarako baldintza egokienak direnean. Aldiz, antolatzaileek ikusten badute Mundakan txapelketa egiteko baldintzak ez direla betetzen, txapelketa Bakion egin daiteke. Edonola ere, txapelketak puntuazio bikoitza izango du; beraz, itzuliko txapelketa garrantzitsuena izango da.

Finalera iritsi ziren gainontzeko lehiakideek eskuratutako emaitzak honakoak izan ziren. Gazteen kategorian Ethan Perez izan zen bigarrena; Manex Beristain, hirugarrena; eta Mikel Egiguren, laugarrena.

Kategoria irekian Mikel Atxega oriotarrarentzat izan zen bigaren postua. Mikel Egiguren gaztea hirugarren geratu zen, eta laugarren postua Alex Odriozola zumaiarrarentzat izan zen.

ZUMAIARRAK INDARTSU APIRILEAN HASI ZEN AURTENGO BODYBOARD ITZULIA BAKION. GAZTEAK INDARTSU HASI ZIREN BI KATEGORIETAN LEHIATZEN. HORREN ADIERAZLE GARBIA UNAX PASCUAL IZAN ZEN, KATEGORIA IREKIAN TXAPELA IRABAZI BAITZUEN; ETA GAZTEEN KATEGORIAN, OSTERA, BIGARREN GERATU ZEN. LEHEN TXAPELKETA HARTAN ETHAN PEREZ GAILENDU ZEN 18 URTEZ AZPIKO KATEGORIAN, PASCUALEKIN BATERA GAZTEEN ZEIN HELDUEN KATEGORIAN BIKAIN ARITU DEN BESTE KIROLARIETAKO BAT.

Sei hilabete geroago, azaroaren 11n Zumaiako Itzurun hondartzan bildu ziren Gipuzkoa eta Bizkaiko bodyboard zaleak. Eguraldiak ez zuen lagundu, baina olatu indartsuak izan ziren eta lehiakideek trebetasun handia erakutsi zuten beste behin ere. Irabazleak Alex Odriozola eta Unax Pascual izan ziren, lehena kategoria irekian eta bigarrena gazteen kategorian.

Kontuak honela, Sopelako txapelketa aitzin Unax Pascual buru zen kategoria irekiko zein gazteen kategoriako rankingean. Eta azkenean, azaroko azken asteburuan Sopelako Arrietara hondartzan egin zen itzuliko hirugarren proban berriz gailendu zen zumaiarra 18 urtez azpiko kategorian. Modu horretan kategoria irekian Mundakan egingo den itzuliko azken probarako tokia erdietsi zuen.

Horrez gain, Euskal bodyboard zirkuituaz harago, Pascual irailean Portugalen izan zen Sintra herriko hondartzan egin zen Munduko Junior txapelketan eta bigarren postuan geratu zen. Beraz, bodyboard zale gaztea forma ezin hobean dela esan daiteke.

Ziur aski gazte zumaiarrarentzat eredu den beste bodyboard zale bat gailendu zen Sopelan helduen kategorian, Alex Uranga, mundu mailan emaitza hoberenak lortu dituen euskal bodyboard zalea eta munduko olatu zailenetan itzelezko maila erakusten duen kirolaria.

Uranga ez zen izan itzuliko lehenengo proban; ondorioz, puntu gutxiago ditu rankingerako, zeren proba guztiek puntuatzen dute. Alabaina, bigarren proban hirugarren postua eskuratu zuen eta, azken probako garaipenarekin gehitutako puntuei esker, Mundakan parte hartu ahal izateko behar adina puntu bilduak behar lituzke.

Gazteen kategorian ez da izaten diru saririk, baina kategoria irekian bai. Surfean bezala, nesken zein mutilen kategorian sariak berberak dira, baldin eta nesken txapelketa egiten bada.

Irabazleak 380 euro eskuratzen ditu, bigarrenak 270 euro, hirugarrenak 180 euro eta laugarrenak 120 euro.

ANTOLAKUNTZA AURTENGO BODYBOARD ITZULIA ERE ARRAKASTATSUA IZAN DA. IZAN ERE, SURFEAN EZ BEZALA, IRAGARRITAKO TXAPELKETA GUZTIAK EGIN DITUZTE, BAITA EPAILEEK EURIPEAN JARDUN BEHAR IZAN BAZUTEN ERE, ZUMAIAKO KASUAN BEZALA. BESTE BEHIN ERE LANERAKO GOGORIK EZ ZAIELA FALTA ERAKUTSI ZUTEN BODYBOARD ZALEEK.

Aitzitik, nesken kategorian hutsune nabarmena izan da. Iaz jada arazoak izan zituzten gutxieneko txandak osatzeko, eta aurten hori ere ezinezkoa izan da. Urrun geratu da Euskal Herriko bodyboard zale ezagunena neska bat zen garaia. 2011an munduko bodyboard txapela irabazi zuen Eunate Agirre bilbotarrak, eta hark lehiaketa alde batera utzi zuenetik nesken presentzia erabat desagertu da kirol honetan, ez da bere atzetik etorri eta ezagun egindako neskarik.

Orokorrean bodyboarda baztertua den kirola bada, egoera are eta latzagoa da nesken kasuan. Honenbestez, bodyboard zaleak haien kirolari dagokion prestigioa aitortzeko egiten ari diren ahalegina txalogarria izanik, bodyboard egitea hautatu duten nesken ausardia kontuan hartzekoa da.

Itzuliko lehenengo txapelketan pate hartu zuten lehiakideak eta itzuliko bigarren proban parte hartu zuten lehiakideak batuta, 33 lagunek osatzen dute aurtengo rankinga kategoria irekian. Gazteen kategorian, ostera, 9 lagunek osatzen dute rankinga, eta hauetako batzuk kategoria irekian ere badaude. Alderaketa bat egiteko, surf modalitateko kategoria irekian 52 lehiakidek osatzen dute rankingeko zerrenda.