GARA Euskal Herriko egunkaria
JOPUNTUA

Izena ez da nahikoa


Hitzetik hortzera barreiatzen hasi da neologismoa: nexit. Geert Wilders-en PVVek Herbehereetako hauteskundeetan lortu duen garaipenak hizpidera ekarri du kontzeptua, haren euroeszeptikotasun nabarmena egitate bihurtzetik hurbilago legokeela orain ebatzita edo. Eta brexit hitza asmatzen burua gehiegi nekatu ez bagenuen, kopiatu-egokitu eta itsatsi arruntarekin sortu dugu nexit. Hitza.

Beste ziri bateko garagardoa izango da, ordea, egintza. Ez diot Wildersi egingo zenbait gauzatan bere antza baduen Mileirekin konparatzeko iraina; orrazkerak orrazkera, askoz serioagoa da Wilders. Politikoki berpiztu berria dugun D. Cameroni ere, ordea, seriotasuna ez zitzaion falta -ondoren etorri direnen aldean bederen-; erreferendumak zeinen deabruak izan daitezkeen gogorarazi behar lioke hark Wildersi. Eta nexita, nonbaitetik hastekotan, erreferendum batekin jarri beharko luke abian.

Eta horretarako, errealitatean lurreratu beharko dute Wilders asmo eta hitzek. Izan ere, lortu duen garaipena ukaezina bada ere, gobernua osatu ahal izateko gehiengotik oso urruti dago abaniko politiko sakabanatu batean; eta aukeran izan ditzakeen bazkideek nekez lagunduko diote alor horretan behintzat. Herbehereak, politikoki, ez dira Erresuma Batuak; eta mundu guztiak egintzat ematen du hilabeteak joango direla gobernua osatzeko..., eta litekeena dela PVV gabekoa izatea hura. Edo berriro hauteskundeak egin behar izatea.

Duela hamarkada bateko Erresuma Batuarekiko alderik handiena, hala ere, errealitate ekonomikotik eratortzen da. Kostatu egiten da garbi ikustea globalizazioari agur esan eta bloke geografiko-ekonomikoka berrantolatzen ari den mundu batean Herbehereen etorkizuna zein izan daitekeen nexit baten ondoren... berak bakarrik herrialde osoaren BPGaren %6,2 egiten duen Rotterdameko portutik hasita.

Errazagoa izango da aurrerantzean ere meskiten aurka gaizki esaka aritzea. Izena duen guztiak duela izana, diote batzuek. Baina nexit-arekin ez dakit ba…