GARA
IRUÑEA
Interview
Unai Irigarai
Aurizko alkatea

«Despopulazioari aurre egingo diogu, gazteak herrian gelditu daitezen»

Auritzek udal hauteskundeak errepikatu ditu igandean, Nafarroako beste 37 herrik legez, eta Unai Irigarai da alkate berria. Gobernantza parte hartzailea, herritarren bizimodua errespetatuko duen turismo jasangarria eta etxebizitza dira udal berriaren lehentasunak.

(Idoia ZABALETA | FOKU)

Nafarroako 37 udalerritan errepikatu behar izan zituzten hauteskundeak joan den igandean. Horietako bat da Auritz, eta bertako alkate berria da Unai Irigarai, 104 boto lorturik Agrupación Independiente Aranandi hautagaitzarekin. NAIZ Irratian mintzatu da emaitzen gainean.

Nolako balorazioa egiten duzu hauteskunde jardunaldiaz?

Positiboa, herriko taldeak irabazi zituelako hauteskundeak. Nabarmentzekoa da bost hautagaietatik hiru gazteak garela, lehenbizikoz aurkezten ginenak. Eta herriaren babesa jasotzea pozgarria izan da.

Escaños en Blanco hautagaitzak bi boto jaso ditu. Zer iruditzen zaizu proposamena Auritzen aurkeztu izana?

Testuinguruz kanpo zegoen. Eta herriak ikusi du ez zuela zentzurik gurea bezalako herri txiki batean. Horregatik, bizkarra eman diete. Aipatu nahiko nuke Urrotzen edo Areson, esate baterako, hautagaitza bakarrak zirela eta ez duela inork bozkatu.

Auritzen belaunaldi erreleboa egon da. Zerrendako bi hautagaik 23na urte dituzue. Esanguratsua da, askotan politika ez delako gazteriarekin lotzen.

Balioa eman behar zaio, ikusita Udalean zegoen jendea urte anitzez egon dela ardura horietan. Horrela, hiru gaztez osatutako zerrenda aurkeztu genuen, erakusteko gure momentua zela eta herriak behar zituela gauzak egiteko modu berriak eta ideia berriak txertatzea.

Zeintzuk izango dira lehenbiziko erronka eta eginbeharrak?

200 biztanleko Auritz bezalako herri batek ez dauka gaitasun ekonomiko handirik. Erronka handienetako bat gauzak egiteko modua aldatzea izango da, Batzarrea indartuz eta auzolana bultzatuz, gobernantza eredu parte hartzaile batekin. Horrez gain, frontoiko teilatua konpontzeko daukagu, kultur etxea zaharberritu beharra dago, bideak eta errepideak konpondu behar dira...

Eredu aldaketa izango da eginbehar nagusia, batez ere eskualdeak eta herriak berak dituen beharrei aurre egiteko. Besteak beste, despopulazioari aurre egingo diogu, gazteak herrian geratzeko. Horrek esan nahi du etxebizitza publikoa indartzea eta lana bermatzea, gazteek bizi proiektuak hemen garatu ahal izateko.

Hauteskundeak errepikatu behar izan dituzten herri askoren faktore amankomuna da despopulazioa?

Bai, despopulazioa eta gero eta gizarte indibidualistago batean bizi garela. Noski, politika da eta politika egiteko aurkeztu gara, baina horrelako herri txikietan hautagaitza aurkeztea bada gehiago konpromisoa, begirada kolektibo eta komunitario bat izatea. Eta garaiotan horrelako balioak gainbehera daude.

Auritzen badago konpromisoa gazteen aldetik, ez bakarrik Udalean egoteko, baita herrian dauden bestelako elkarteetan parte hartzeko ere.

Despopulazioarekin oso lotuta dago non kokatzen diren gazteenentzako ikasketa zentroak. Nolakoa da egoera Auritzen arlo horretan?

Txarra, Pirinio guztian bezala. Auritzen azken hamar urteetan ez da jaiotzarik izan, eta haurrak izan zituztenek Iruñera alde egin zuten; beraz, egoera ez da ona. Herri eta eskualde gero eta zaharkituagoak dauzkagu. Eta hemendik bi urte barru jaiotzarik ez badago, herriko ikastetxea itxiko dute. Egoera honi buelta ematea da erronka handienetako bat.

Jakin badakigu lan hau bakarrik egitea ezinezkoa izango dela. Behar-beharrezkoa dugu Pirinioetako beste udal eta kontzejuekin batera lan egitea, Pirinioetako mahaiaren bitartez. Elkarlanean lortuko dugu datu hauei buelta ematea.

Turismoa beste erronketako bat izango da.

Turismo jasangarri baten alde lan egingo dugu, herriko enpresa eta turismo elkarteekin elkarlanean. Kontuan izan beharra dago Auritz eta eskualde osoa landa ingurunea dela eta ekonomiaren oinarria abeltzaintza eta nekazaritza direla. Horregatik, errespetuzko turismo baten alde lan egin nahi dugu, balioa emango diona bizitzeko modu honi, inbasiboa izan ez dadin. Azken urteetan turismoak gorakada izan du. Motor ekonomiko garrantzitsua da. Ez gaude horren kontra. Hori bai, kontuan izan behar da non gauden eta zer nolako kaltea eragin dezakeen gehiegizko igoerak.