AMALUR ARTOLA
DONOSTIA

Natura gizatiarrena eta politikaren B aldea, Irun Hiriko Kutxa sarietan

Xabi Lasaren ‘‘Ura ez baita beti gardena’’, narratiban, eta Jon Gerediagaren ‘‘Zeru-lurren liburua’’, poesian, dira Irun Hiriko Kutxa literatura sarituak. Lehenak Nafarroako politikaren alde ilunenera garamatza; bigarrenak, naturaren sendagai izaerara.

Xabi Lasa eta Jon Gerediaga, lan sarituak eskuartean dituztela.
Xabi Lasa eta Jon Gerediaga, lan sarituak eskuartean dituztela. (Iñigo URIZ | FOKU)

Donostiako Tabakalerak hartu zuen atzo Irun Hiriko Kutxa literatura sarien banaketa. Jon Gerediagaren ‘‘Zeru-lurren liburua’’ eta Xabi Lasaren ‘‘Ura ez baita beti gardena’’ dira lan sarituak, hurrenez hurren, poesian eta narratiban.

Lasaren eleberriaren aurkezpena Elkar argitaletxeko Xabier Mendigurenek egin zuen. Editorearen hitzetan, Berriozarkoaren lehen fikziozko lan hau -aurretik bi saiakera idatzita ditu- «misteriozko nobela on bat» da, bere osagai guztiez: «Badauzkalako krimena, odola eta hilketak. Interes ekonomikoengatik egiten diren delituak daude. Badira biktimak eta gaiztoak, baina ez dakigu nor den gaizto nagusia». Lasaren eleberriak ohikoak ez diren bi ezaugarri ere badituela nabarmendu zuen: alde batetik, narrazioa Nafarroako Erriberan kokatu izana; eta beste aldetik, politikak eleberrian hartzen duen pisua. Kontakizunak «trikimailuak, alderdi politikoen arteko jukutriak eta zikinkeriak» ere bai baititu.

Lasak hitza hartuta, «zerbait idatzi duen irakurle» gisa deskribatu zuen bere burua, nobela beltzak «errealitatearen kontrapuntu gisa, ebaditzeko» balio diola aipatuz. Politikan izan duen ibilbideaz jardun zuen, hamasei urte eginak baititu erakundeetan, lehenik Berriozarko alkate modura NaBairekin, eta gero Nafarroako parlamentuan eta toki administrazioko zuzendari bezala, 2015-2019an. «Politikarekin nazkatuta, edo sobera aseta, geratu naiz. Aldendu beharra nuen. Baina politikaz zer pentsatzen dudan ere esan beharra neukan, eta hori ezin da saiakera batekin egin», iritzi zuen.

Fikzioa bada errealitatea azaleratzeko era bat, eta hauspo horri eraginez Erriberako Lurribar herri fikziozkoan uraren inguruan sortzen den gatazka baten bidez azaltzen ditu bere iritziak autoreak: «Asko kezkatzen nauen gaia da ura. Nik uste etorkizuneko altxorra dela. Egun, munduan gerrak daude urarengatik, eta Nafarroan ere inportantea izanen da», ziurtatu zuen. Sara da eleberriko protagonista, funtzionario postua eskuratu berri duen ingeniari gaztea, eta haren eskutik ezagutuko ditu irakurleak politikaren alde ilunenaren barrunbeak: «Nafarroako botere faktikoak agertzen dira. Alderdiak ez ditut jarri beren siglekin, baina berehala sumatzen da zein den alderdi bakoitza, baita agertzen diren egunkariak ere, eta nola jokatzen duten. Agertzen dira iruzur informatiboak eta alderdien arteko konponketak. Nik halako esperientziak ezagutu ditut», berretsi zuen.

NATURA, SENDAGAI GISA

Gerediagaren ‘‘Zeru-lurren liburua’’, Antxiñe Mendizabal Elkarreko editorearen hitzetan, «naturaren behaketatik abiatzen den hausnarketa poetikoa da». Epaimahaiaren hitzak bere eginda, irakurleak liburuan «naturaren irakaspenak jasotzen dituen poesia» aurkituko duela esan zuen, baita «edertasun handiko liburua» dela eta, «gizakia bere minari aurrez aurre jarrita» aurkezten digula ere. «Jonen begietan, gizakiaren zaindaria da natura; gizaki zaurituentzat, berak esaten duen bezala, aterpe bat da», adierazi du.

Gerediagak poesiaren balioaz jardun zuen, bere iritziz, «eguneroko errekaduak egiteko eta norabidea zein den jakiteko vita contemplativa horren parte» izan behar duelako gizakiak. Eta poesiak eskaintzen duen aldarte eta abiadura hori garrantzizkotzat jotzen du, bizitza kontenplatibo horretan parte hartu ahal izateko.

Liburua zaurituei eskainita dagoela esan zuen: «Poema bat idazten dudanean, nire zauri eta minak ahaztu egiten ditut; poesia minak baretzeko modu bat izan daiteke». Hitz poetikoak munduari «izen egokiak» ematea lortzen duenean, «anabasa ordenatu» eta mundua «etxekotu» egiten duela iritzi zuen: «Gauza, emozio, aldarte bakoitzari bere izena emateak ekartzen du munstroak etxekotzea; poesiak lortuko badu hitz egokiak bilatzea, munduan etxean bezala sentitzen gara».