Joxemari CARRERE
kontalaria

Sumendiak

Era guztietako istorioak transmititzea denborapasarik gogokoena izan da beti islandiarren artean». Leonardo Piccione idazle italiarrak, sumendien urruneko lurraldearen biztanleak eta haien pasadizoak kontatzeko, sumendiak hizpide hartu ditu ‘‘Il libro dei vulcani d’Islandia’’ liburuan (‘‘Atlas novelado de los volcanes de Islandia’’, Nordika edit). Eta, agian, Islandiak itsatsiko zion denbora-pasa eder hori. Islandiarrentzat, «kontatzeak bizirautea eta erreproduzitzea esan nahi du, eustea eta betikotzea», azaltzen digu egileak liburuaren hitzaurrean, 47 kontakizunei heldu aurretik. Sumendien geografiak istorioekin lotzen ditu,, ohiko bidaia liburu bat baino, istorioen bidaia proposatuz. Sumendiek eta istorioek binomio fantastikoa osatzen dute, Islandia lurralde liluragarria bihurtuz.

Euskal arrantzaleek, baleen ehiza burutu eta Islandiatik itzultzean, balearen koipeaz gain ekarriko zituzten hamaika istorio ere. Haientzat ere denborapasa izango zen suaren eta izotzaren uharteko bizipenak kontatzea. Euskal baleontzietan istorioek joan-etorri bidaia egingo zuten. Zer geratzen zaigu, ordea, istorio haietatik? Piccionek idazten du: islandiarrentzat istorioak kontatzea «beraien artean konektatzea da, lurrarekin bererarekin eta oroimenarekin». Kontatzea oroimenaren sumendia da. Itzali ote zaigu gurea?