IRAITZ MATEO
DONOSTIA

«Ulu egiteko bolondres bila» poema liburua plazaratu du Harkaitz Canok

Harkaitz Canoren bulkada nagusia poesiaz hausnartzea izan da. ‘‘Ulu egiteko bolondres bila’’ poema liburua ondu du, eta Susa argitaletxearekin batera aurkeztu zuen atzo goizean. Lau ataletan antolatu du liburua, «bulkadatik edo senetik» abiatutako testuak gordetzen ditu bere lan berrian. Laugarren atalak ‘‘Klarion laborategia (1)’’ izena du, eta aurreratu zuen ideia horri jarraipena emateko asmoa duela.

Harkaitz Canok  poema liburu berria aurkeztu zuen atzo Donostian.
Harkaitz Canok poema liburu berria aurkeztu zuen atzo Donostian. (Jon URBE | FOKU)

Bihar beteko da urtebete Harkaitz Cano idazleak “Pozaren erdia” sonetoz osaturiko liburua aurkeztu zuela. Neurri eta errima estu haietatik askatu eta “Ulu egiteko bolondres bila” poema liburua idatzi du orain, Susa etxearen eskutik. Leire Lopez editorea lagun, atzo aurkeztu zuen Donostian.

«Ekintza poetikoaren funtsaz hausnartzea» izan da liburuaren helburua, idazlearen arabera. Eta horrekin batera «poemaren muga formalen aurkako hausnarketa» ere egin duela azaldu zuen.

LAU ATALEZ JOSIA

“National Portrait Gallery” izenburua jarri dio lehenbiziko atalari. Lopez editorearen esanetan, «erretratu galeria bat» eskaintzen du. Arketipo ezberdinekin egindako irudiak daudela aurreratu zuen. Eta idazleak eman zituen xehetasunak: «Sasi-erretratuak dira, fikzio intimoak, asmatutako erretratu sortak».

Bigarren atalak “Otoitzen liburua” izenburua du, eta poema bakoitzak «otoitza aldatzen» duela aurreratu zuen editoreak. Bertan otsoak, uluen pentagrama, epe luzeko zein hurbileko nahiak eta beste aurki daitezke. Irribarrez gehitu zuen Canok: «Otoitz ateoak dira, lasai».

“Zerrenden liburua” da hirugarren atala. Orotariko zerrendak pilatu ditu idazleak. «Gehikuntzaz egindako poemak» dira, Lopezen arabera. Idazleak aitortu zuen bere sortzeko prozesuetan gustukoena dela zerrendak egitea; eta idazketa tailerretan lehendabizi lantzen dena ere hori izan ohi dela. «Nire joera kleptomanoari libre utzi diot, eta lapurtutako testuak daude», kontatu zuen, horiek zein diren aurreratu gabe.

Azken atala izan daiteke bereziena, 24 orrialde betetzen dituen testu bakarra baita: “Klarion laborategia (1)”. «Ideia segida moduko bat da, testu laburrez eratua. Ez ahanztearren hartutako oharrez eta aforismoen bidez osatua», deskribatu zuen editoreak. «Poema denaren eta ez denaren mugan» dago Canoren ustez. Oteizari erreferentzia egiten dio izenburuak. «Bat zenbakia» zergatik ageri den ere zehaztu nahi izan zuen; izan ere, aurrerantzean, «klarion laborategiak» egiten jarraitu nahi duela esan zuen. Txatal askok osatzen duten testua da laborategitik ateratakoa, edota laborategia bera.

POESIAZ HAUSNARTZEN

«Jendeak zer espero du poesiatik?» galdetu die aurkezpenera hurbildutakoei. Bere susmoa azaltzera ausartu da: «Nire susmoa da poesia askotan fede kontua dela, eta fede gutxi diogula poesiari, gero eta gutxiago. Baina azkenean poesiari diogun fedearen krisia hizkuntzari diogun fedearen krisiari lotuta dago. Hizkuntzak zertarako balio du? Gauzak kontatzeko eta deskribatzeko? Edo balio du bakarrik ezkutatzeko eta negozioak egiteko?», bota du. Eta bere ustez hondo-hondoan dagoen galdera hori da idazle batentzat.