Martxelo DIAZ
IRUÑEA

Albisuren aurkako jazarpenaren ondoren, literaturarentzat bakea eskatu dute

Adierazpenaren aurkezpena, atzo, Iruñean.
Adierazpenaren aurkezpena, atzo, Iruñean. (Iñigo URIZ | FOKU)

Euskal Herri osoko irakurle taldeetako dinamizatzaile eta irakurleek sostengatzen duten “Bai, eman bakea literaturari” adierazpena aurkeztu zuten atzo Iruñean, Mikel Albisuk jasan duen jazarpena salatzeko.

Adierazpenak 65 irakurle taldetako 37 dinamizatzaile eta 276 irakurleren sostengua jaso du. Hilaren 24an Aurizberriko irakurle taldeko partaideek “Eman bakea literaturari’ adierazpena kaleratu zuten; bertan, atxikimendua eskatzen zieten euskarazko irakurle taldeei. Eskaera horren erantzuna izan zen atzo Iruñean aurkeztu zuten adierazpen berria.

Covite taldeko Consuelo Ordoñezek hilaren 15ean zabaldu zuen Pirinioetako udaletako taldeko dinamizatzaile lanetan ari zela Albisu. Egun berean Nafarroako Gobernuak udalei Albisuren lana etetea eskatu zien.

«Covite elkarteak irakurle taldeen dinamizazioaren bidez egiten duen kultur ekarpena debekatzea eskatzean, bere lan egiteko eskubidea ukatu nahi izan dio. Eta Nafarroako Gobernuak elkarte horren nahia besterik gabe onartutakoan, epaitegi bati legokiokeen papera hartu du, herritar libre bat zigortu dezaten eskatuz», salatzen du adierazpenak.

«Eskatzen diogu Nafarroako Gobernuari berrikus dezala hartutako erabakia, eta atzera egin dezala, edozein herritarri bezala askatasunez aritzen utziz Mikel Antzari, literatur jardunean eta irakurle taldeen dinamizazioan oztoporik jarri gabe», erantsi dute, lan hori epaitzeko eskubidea irakurleek soilik dutela gaineratuz.